Dantzari Dantza parekidea dantzatu dute lehenengoz Garaiko Santixau Egunean

Anboto 2023ko uzt. 25a, 15:07

Argazki historikoa da gaur Garaiko jaietan ateratakoa. Lehenengoz Dantzari Dantza parekidea dantzatu dute herriko plazan. Alazne Sarrigoitia izan da egun seinalatu honetan dantzan egin duen lehenengo emakumea.

Parekidetasunaren ikuspuntutik egun historikoa izan da gaurkoa Garaiko dantzarientzat. Lehenengoz Santixau Egunean emakume batek Dantzari Dantza dantzatu du herriko plazan. Talde parekidean dantzatu duen emakume hori Alazne Sarrigoitia garaitarra izan da. San Inazio Egunean herriko hainbat emakume Ezpata-dantzari legez irten dira plazara, baina egun seinalatu hau gelditzen zen erabateko parekidetasuna lortzeko. Sarrigoitiak berak makina bat bider dantzatu du Dantzari Dantza. Gaurkoa, baina, mugarria izan da eta ikusmina ere piztu du. "Lasai egon naiz, Dantzari Dantza niretzako ez delako gauza berria. Prozesioa bai, berria izan da niretzako, baina ondo joan da. Asko gozatu dut". Ematen duenez, gaurkoa aldaketa sakonago baten hasiera baino ez da izan. "Datorren urtera begira nesken zortziko talde bat hasi da ikasten. Beraz, aurtengoa lehenengo aldia izan den arren, ez da hor geldituko".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!