"Erakusketa txikia da, baina mimo handiz egindakoa. Ramonek urteetan egindako lana islatzen du"

J.G./E.H. 2023ko urt. 13a, 09:29

Miren Pilar Gutiérrez de Zubiaurre Pilar de Zubiaurreren biloba da. Mexikon jaio zen arren, txikitatik lotura mantendu du Garaigaz. Orain urte bi, Mexiko utzi eta Garaiko familiaren etxera etorri zen bizitzera. Arte eta Historia Museoan Ramón de Zubiaurrek bere arrebari egindako erretratua dago. Artelan horren parean ipinita, bilobaren eta amamaren arteko antzekotasun fisikoa ukaezina da. 

Non jaio zinen?
Mexiko hirian jaio nintzen. Nire gurasoek han elkar ezagutu zuten. Errefuxiatuak ziren biak. Hantxe jaio nintzen eta bost urte nituenean etorri nintzen lehenengoz Garaira. Nire aita Pilar de Zubiaurreren semea zen eta 1938an Mexikora joan zen. Ama Santurtzikoa zen eta 1939an joan zen Mexikora.

Pilar de Zubiaurre zure amama ezagutu zenuen?
Bost urtegaz etorri nintzen Garaira lehenengoz, eta harrezkero urtero etortzen ginen. Amama Pilar bisitatzen genuen. Garaigaz oso lotura estua dugu hiru neba-arrebok. 

Orain dela urte bi zelan erabaki zenuten Garaira bizitzera etortzea?
Senarrak eta biok Europara etortzeko gogoa genuen. Garaiko etxea ondo zainduta genuen arren, zaharkituta zegoen eta hona etorri eta etxeaz arduratzea erabaki genuen. Oso pozik gaude harturiko erabakiagaz. 

Ramón de Zubiaurreren erakusketa antolatu dute Durangon. Familiak zelan hartu du?
Oso pozik gaude. Nire nebek ere esan zidaten oso polita zela Ramonen erakusketa bat egitea. Ramón gutxien ezagutzen dugun osaba zaharra da. Bestalde, Valentinen eta Ramonen lanak bereiztea ere ideia ona zela iruditu zitzaigun. Erakusketa txikia da, baina mimo handiz egindakoa. Urteetan Ramonek egindako lana islatzen du.

Zein lotura duzue familian?
Pilar, Ramón eta Valentín neba-arrebek komunikazio handia zuten gutun bidez. Bazuten elkarren berri. Gutun asko idazten zituzten, Ramonek urte asko eman zuelako estatutik kanpora. Bestalde, Pilar 1950ean bueltatu zen Espainiara. Gure aitak bere osaba biekin ere lotura estua mantendu zuen beti.

Pilar de Zubiaurre oso emakume kultua zen. Zelan gogoratzen duzu amama?
Oso oroitzapen onak ditut. 9-10 urte nituela hil zen. Beragaz hartu-eman handia genuen, batez ere Garaira etortzen ginenean. Txikitan lagunak egin genituen Garain, oraindino ere mantentzen ditugunak. Euria egiten zuenean, amamak laguntxoak etxera gonbidatzen zituen eta osaben estudioan jolasten uzten zigun. Beste batzuetan egongelan beheko suaren ondoan jesartzen gintuen eta Grimmen ipuinak irakurtzen zizkigun. Beste batzuetan txokolatadak egiten zituen mendian. Astoa eta gurdia uzten zizkioten eta txokolatea egiten zigun. Ume bakoitzak bere ogitartekoa eramaten zuen. Bera abesten joaten zen bidean. Oso pertsona aktiboa zen. Gure aitaren esanetan, oso burugogorra zen. Maite zituenekin kontaktua mantentzea gustatzen zitzaion. Eta Garaigaz zuen kontaktua ere bai.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!