Gu Ta Gutarrak

[BIDEOA]: “Ramón de Zubiaurre hil ondoren, bere lan artistikoa modu indibidualizatuan lantzen duen lehenengo erakusketa da hau”

J.G./E.H. 2023ko urt. 13a, 09:30

Ramón de Zubiaurreri (1882-1969) buruzko erakusketa zabalik dago Durangoko Arte eta Historia Museoan. Ramón, Valentín eta Pilar neba-arreba garaitarrak ikur garrantzitsuak izan ziren artearen munduan. Garaiko sarreran dagoen Landabarrena baserrian jaio zen Ramón. Valentín aita musikaria izan zen, haren alaba, Pilar, intelektuala, eta Ramón eta Valentín semeak margolariak. Hiru neba-arreben ama ere oso pertsona kultua zen eta artearekiko interesa transmititu zien. 

Zubiaurretarrak behar den beste ezagutzen ditugu Durangaldean?
Museoan lanean hasi nintzenean argi nuen Zubiaurretarren erakusketa bat egin behar genuela Durangon. Ramón eta Valentín pintore ezagunak izan dira nazioartean. Euskal kultura eta ohiturak munduan zehar erakutsi dituzten artistak dira. Katalogoa egiteko, baimenak eskatu behar izan ditugu beste museo batzuetan, Oslon, Texasen, New Yoken, Roman, Parisen... Oso figura interesgarriak dira. 

Nor zen Ramón de Zubiaurre?
Hiru neba-arreben artean erdikoa da Ramón, anaia Valentín baino gazteagoa eta arreba Pilar baino zaharragoa. Euren aita musikaria zen eta erregearen kortean lan egiten zuen. Horregaitik, Garaitik Madrilera joan zen bizitzera. Valentín Madrilen jaio zen, eta Ramón, ostera, Garain. Biak gor-mutuak ziren. Ramonek Garain pasatu zuen haurtzaroa. Pintore garrantzitsua izan zen. Anaiagaz antzekotasunak zituenez, Zubiaurre anaiak lez ezagutu izan ditugu eta askotan ikusi ditugu elkarregaz. Erakusketa hau prestatzen hasi aurretik, nik neuk ere ez nituen ondo bereizten anaia bien lanak. Bazen garaia anaia bakoitzari bere garrantzia emateko. Horregaitik, Ramonen lana bere aldetik landu dugu. Erakusketa honek badu berezitasun bat: margolaria hil ondoren, bere lan artistikoa modu indibidualizatuan lantzen duen lehenengoa da.

Zelan antolatu duzue erakusketa?
Rebecca Guerra izan da erakusketaren komisarioa. Guerrak Valentinen lana aztertu zuen bere tesian; beraz, asko daki Zubiaurretarrez. Museoak Ramonen kuadro bat bazeukanez, bere erakusketa antolatzea erabaki genuen. Obra bat gurea da eta beste 29 obra kanpotik ekarri ditugu. Batzuk bilduma partikularretakoak dira eta beste batzuk museoetakoak: Gasteizko Arte Ederren Museokoak, Bilboko Arte Ederren Museokoak, Oviedoko Arte Ederren Museokoak, BBK kolekziokoak, Gipuzkoako Foru Aldundikoak...

Zein ezaugarri dituzte Ramón de Zubiaurreren lanek?
Bere anaia Valentín baino ironikoagoa zen. Koadroak txisteak kontatzeko baliatzen zituen askotan. Beste kontu bitxi bat ere badago. Koadroak berrerabili egiten zituen. Batzuk moztuta daude eta beste batzuk gainetik margotuta. Hori erakusketan ikusi daiteke; koadro originalak erakusketakoen ondoan daude ipinita, desberdintasunak nabaritzeko. 

Norbanakoak modelo lanetan ipintzen zituela ikusten da bere koadroetan.
Herritarrak modelo legez hartzen zituen. Ameriketara erbesteratuta joan zenean buruz margotzen zituen, baina beti hain estilo berezi horregaz. Euskal prototipoa izan daiteke. 

Pilar de Zubiaurre arreba ere modelo lanetan ipintzen zuen. Koadro horietariko bat museoko bilduman duzue.
Pilar de Zubiaurre arreba txikia zen. Nabarmendu gura nuke Valentín eta Ramón gaur egun ez liratekeela diren besteko ezagunak Pilarren laguntzagaitik izan ez balitz. Pilarrek artista bien erakusketak komisariotzen zituen, ezagutzera ematen zituen. Pilarren figura oso garrantzitsua izan zen bere neben bizitzetan. Horrez gainera, modelo lanak egiten zituen Ramonentzat. Koadro horietariko bat erakusketan daukagu: 'Pilarren erretratu hirukoitza'. Bilboko Arte Ederren Museoko koadro bat da. Bertan Pilar agertzen da. Oviedoko koadroan ere Pilar agertzen da.

Holandako jantzi tradizionalekin jantzita agertzen da.
Pilarren, Valentinen eta Ramonen ama oso gazterik ezkondu zen euren aitagaz. Amak ere garrantzi handia izan zuen hiruren hezkuntzan. Oso emakume kultua zen eta hiru seme-alabak Europan zehar eraman zituen hainbat arte eskola ezagutzera. Bidaia horiek ere eragina izan zuten. Ramón Holandan egon zen sasoi batean, eta koadro horrek hango paisaia irudikatzen du, hango pinturako koloreak erabiltzen ditu.

Koadroez gainera hainbat dokumentu dago erakusketan.
Ramón Isolina Gallego deitzen zen emakume bategaz ezkondu zen eta hartu-emana izan zuen Ortega y Gassetegaz. Horrela, Ortega y Gassetek berari idatzitako gutun bat dugu erakusketan. Ameriketara joan ziren barkuko dokumentazioa ere badugu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!