515 leku izen batu dituzte Garaiko toponimia mapa berrituan

Anboto 2022ko abe. 22a, 10:57

Garaiko Udalak udalerriko mapa toponimiko berria argitaratu du. 2008an egindako maparen aldean, leku-izen gehiago batu dituzte oraingoan. Bi bider gehiago, gutxi gorabehera.

Agiño, Arluzeaga, Illuntzar, Mallubitza, Otatzagarai... eta abar luze bat. Garaiko Udalak herriko toponimoen mapa berritu du. 515 leku izen batu dituzte mapa berrituan, 2008an kaleraturiko maparen aldean, bikoitza gutxi gorabehera. Hori bai, ikerketan baturiko toponimoak askoz gehiago izan dira: 2.860 leku izen batu dituzte. Baina izen guztiak mapan kabitzen ez direla eta, 515 hautatu behar izan dituzte. Argitalpen berria herenegun iluntzean aurkeztu zuten udaletxean. Leku izenak batzeko ikerketa Jon Ander Ramosek egin du, udalak kaleratutako bekari eskerrak. Bi urteko ikerketa lana izan da berea.

Ikerketa egiteko hainbat informazio iturritara jo dute. Batetik, idatzizkora. Besteak beste, etxe eta etxeen lurrak jasotzen diren artxiboak, zerga kobratzeko jasota zeuden baserriak, 1825eko Polizia Errolda edota Durangoko Jabetza Erregistroa (1863-1955) arakatu dituzte. Bestetik, ahozko testigantzetara jo dute informazio bila, eta hor ardura azpimarragarria izan dute Garaiko bizilagunek. Bizilagunen ahozko ondareari eskerrak 724 izen batu dituzte. Azken pausoa Euskaltzaindiak egin du. Euskararen Akademiak leku izenen idazkera egokia ezarri du, ahozkotik idatzizkora egin beharreko saltoa zainduta. Euskaltzaindiak 278 izen arautu ditu guztira.

Izen berrituak
Ikerketa berriak hainbat aldaketa dakartza leku izenetan, 2008ko ikerketaren aldean. Adibide modura, honako hauek: Aldatza toponimoa Aldatsa izatera igaro da. Aranerreketa barik, leku izen hori Arnagaerreketa izango da aurrerantzean. Izan ere, ikerketan frogatu dute leku horretan Arnaga (garaia) egon zela sasoi batean. Arroitabeiti toponimoa Arroitabeitia modura berridatzi dute, eta Tromoite toponimoa Tromoita izatera pasa da. 

Garaiko Udalak "herriko ondarea biltzea eta herriko zein kanpoko jendearentzat lagungarria den tresna bat" sortu gura izan du mapa berriagaz. Toki izenak berreskuratzearekin batera, bizilagun nagusien "aho-ezpainetatik jasotako ondarea balioan" ipini gura izan dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!