“Basoko lanetan ibilitako garaitarrek oso barneratuta dituzte leku izenak”

Anboto 2021ko mai. 31a, 09:00

Artxibategi, fitxategi eta garai bateko dokumentuen artean. Halantxik dabil Jon Ander Ramos Martínez, buru-belarri. Garaitarren testigantzak ere jasotzen dabil, bertako leku izenak ahozko hizkeran zelan izendatzen diren jakiteko. Garaiko Udalak toponimia berritzeko beka esleitu zion iazko urrian.

Zeintzuk dira toponimia lanaren helburu nagusiak?
Orain arte eginda dagoena ordenatu eta zuzentzea da lanaren helburua. Bizkaiko Foru Aldundiak hainbat mapa egin zuen 1930eko hamarkadan. Hori izan da abiapuntuetariko bat. Erreka, baserri eta baso izen ugari jaso zuten bertan. Bestetik, Garaiko Udalak 2008an kaleraturiko mapa toponimikoa dago. Hori gainbegiratzea eta moldaketak artxibo ikerketa bategaz oinarrituta egitea da lanaren helburua. Mapa eguneratzea, funtsean.

Artxibo lan handia eskatuko du.
Garaiko udal artxiboan dauden baso-liburuak kontsultatu ditut. Beste informazio iturri bat jabego pribatuen erregistroa da. Baserrien lehenengo erregistro-eskriturek informazio asko ematen dute. Baserrien izena eskaintzeaz gainera lurren jabetzaren berri ematen dute. Hortik toponimo dezente jaso dut. Azkenik, hainbat herritarregaz elkartu naiz. Lazaro Milikuak asko lagundu dit informanteak topatzen herriko leku izenak jasotzeko.

Garaitarrek asko lagundu dizute, beraz. Zelako informazioa eskaini dizute?
Ona. Hemen elkartu izan gara, udaletxean. Baserrien erregistroetan agertzen zen informazioa erakutsi eta galderak egin dizkiet. Baso hau non dago? Non dago eremu hau? Horrela joan gara leku izenak mapan kokatzen. Izan ere, belaunaldi bitan sekulako galera egon da. Garain baserri eta txaletak jendez beterik daude, baina herritarrik gehienak ez dira baserriko beharretik bizi. Igartzen da basoko lana gertutik bizi izan duten herritarrek oso barneratuta dituztela jabetzak eta leku izenak.

Aurkitu duzue leku izen berririk? Lana egin bitartean, izan duzue anekdotarik?
Kuriositate modura, Aranerreketa baserriagaz gertaturikoa dago. Gutxienez azken 60 urteotan, garaitarrek horrela deitu izan diote Barreinkua aldean dagoen baserrietariko bati, baina erregistroan ez dugu halako izenik topatu. Aranerreketa ez zen inondik inora ere agertzen. Aranerreketa baserriaren jatorrizko forma Barreinkua Etxebarria dela ondorioztatu dugu azkenean. Lanik handiena eman digun toponimoa horixe izan da. Agertu zaigun beste leku izen polit bat Nekatusolo da. Pentsatu zelakoa izango zen beharra leku horretan.

Mapa toponimiko horrek noiz ikusiko du argia?
Mapan hutsune batzuk ditugu oraindino. Ahaleginduko gara horiek betetzen. Irail aldera, herritarrei azalpen publiko bat egitea dugu buruan. Ia-ia definitiboa izango den bertsio bat aurkeztu gura dugu, gero garaitarrek horren gainean ekarpenak edo zuzenketak egin ditzaten. Behin-betiko lana urte amaierarako prest egotea gura nuke.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!