Garaiko Beratu Azpikoa baserriko familiak basoa birsortuko du pinuak zeuden eremuan bertoko arbolak sartuta

Ekaitz Herrera 2022ko eka. 14a, 10:45

Antzina artasoroa izan zen. Azken lauzpabost hamarkadetan, pinudia. Eta, etorkizunean, bertako espezieekin berreskuratutako basoa izango da. Garaiko Beratu Azpikoa baserriko kideek berea izandakoa bueltatu gura diote naturari. Lurgaia fundazioaren laguntzagaz, 500 bat arbola eta zuhaixka sartu dituzte hektarea bateko arloan. Sagarrondoa, haritza, urkia, haltza, gorostia. Bertako espezieak guztiak. 

Idoia Lasa da Beratu Azpikoa baserriko familia osatzen duen kideetariko bat: "Baserriko lurrak osabak kudeatu izan ditu. Baina arlo horretan zeuden pinuak bota eta gero, osaba hil egin zen. Eta lur arlo horregaz zer egin ez genekiela geratu ginen", azaldu du. Lasak Euskadi Irratian izan zuen Lurgaia fundazioaren berri. Eurekin hartu-emanetan ipini zen, eta halantxik erabaki zuten familian basoa berreskuratzeko bide bat hastea. "Oso argi genuen eukaliptua ez genuela sartuko. Pinua berriro sartzeari ez genion zentzu askorik ikusten", azpimarratu du. Eta ikusirik familiako kide bakoitzak bere lanbideak zituela, bere diru-sarrerak, ez dute basoagaz dirua egiteko asmorik izan. "Niri basoa birsortzeko ideia hori oso interesgarria iruditu zitzaidan. Naturagazko kontzientzia hori izan dugu", dio. 

Lasak ondo gogoan du apiril partean Lurgaiagaz egindako landaketa eguna. "Harrituta geratu ginen jendearen harreragaz. 70 bat boluntario etorri ziren gure arloan arbolak sartzera. Arrasatetik, Durangaldetik, Nafarroatik, Gasteiztik, Bilbotik, Kantabriatik", zehaztu du. "Oso pozik gaude harturiko erabakiagaz, eta gure egoera berean dagoen jendea animatuko nuke horrelako erabakiak hartzera. Lehen beste beharrizan batzuk zeuden, baina gaur egun bertako espezieen hazkundea bultzatzea dagokigu", amaitu du Lasak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!