Aritz Ganboa artzain eta mendi korrikalariaren 'Bideak' dokumentala eskainiko dute Garain

Anboto 2021ko ira. 14a, 09:33

Domekan, Bideak dokumentala eskainiko dute Garain, Aritz Ganboa de Miguel artzain eta mendi kirolari nafarraren erronka jasotzen duen pelikula. Ganboa de Miguelek mendi ibilbide bat egin zuen 2019ko urrian, jaioterri duen Arruazu herria (Sakana) eta Izaba (Erronkaribarra) lotuta.

Arruazutik hasita, Idiazabal jatorri-deitura duen gazta bat eraman zuen mendian zehar, korrika, Izabaraino, Pirinioak etapa bakar batean zeharkatuta. Handik, Erronkariko jatorri-izena duen gazta ekarri zuen bueltan etxera. Ganboa de Miguelen berbetan, dokumentalak "landa eremu bizi baten beharrari buruz" jarduten du, azken urteotan gertatzen ari den "hustuketaz" gogoeta eginda. "Hustutze horren arazoetariko bat despopulazioa da. Hori oso garbia da Nafarroako Pirinioetan. Baina, bestetik, landa-kulturaren hustutzea ere badago. Herriak hiritartzen ari dira eta gure baliabideak, gure ezagutzak galtzen ari dira", azaldu du Ganboa de Miguelek.

Dokumentala Elizaberrin emango dute, irailaren 19an, 18:30ean. Aritz Ganboa de Miguel bera eta filmaren zuzendari Xabi Unanua bertan izango dira aurkezpena egiten. Pelikula eman eta gero, berbaldia eskainiko dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!