Momoitioko San Juan ermitaren ingurua babesteko lanen lehen bi faseak amaitu dituzte

Ekaitz Herrera 2020ko eka. 4a, 14:28

Garaiko Udalak ermita inguruko zuhaitzak inausi eta eremua ongarritu du. Sasoi bateko berdegunea berreskuratzeari ere ekin dio. Martxotik ekainera bitartean egin dituzte lanak. Aurrerantzean, eremua kudeatzeko plana garatuko du.

Bizilagunei ekar diezazkiekeen arriskuak ekidite aldera, zuhaitzak inausi eta adar hilak kendu ditu udalak. Erortzeko arriskua zuten zuhaitzetan ainguraketak egin ditu. Bestalde, eremua ongarritu eta sasoi bateko berdegunea berreskuratzeari ekin dio. Lanen bolumena zenbaki batek erakusten du argiki: hiru kamioi bete hondakin atera dituzte ingurune horretatik.

Garaiko Udalak martxoan hasi zituen Momoitioko San Juan baselizaren ingurua babesteko lanak. Arbola batzuk lehortzen hasita zeudela eta beste batzuek onddoak zituztela ikusi zuen orduan. Lanen lehenengo bi faseak bukatu ditu dagoeneko. 

Eremua kudeatzeko plana, aurrerantzean

Hemendik eta urte amaierara arte, Momoitiko ermitaren ingurua kudeatzeko plana egingo du udalak. Eremua hiruzpalau urterik behin ebaluatzea aurreikusten du, eta informazio-kartelak ipintzea ere badu pentsatua. Zuhaitz zaharrek eta egur hilak osaturiko nitxo ekologikoari buruzko kartelak izango dira. Baita tokiko fauna eta flora azalduko dutenak ere.

Udalak ermitaren ingurua zaintzera deitu ditu herritarrak eta bertara hurbiltzen diren gainontzeko erabiltzaileak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!