Hainbat beharri erantzuteko 54 bizitoki egiteko hitzarmena behin betiko onartu dute Elorrion

J.D.

Aldapebeitia jauregia. (Argazkia: Elorrioko Udala)

Joan zen asteko udalbatzarrean Elorrioko udalbatzak behin betiko onartu zuen Eusko Jaurlaritzarekin 54 zuzkidura-bizitoki egiteko hitzarmena: 11 bizitoki Aldapebeitia eraikinean eta honen ondoko Aldapebeitia Txikia eraikinean egingo dira eta, 43  bizitoki, Goieta eremuan.

Hurrengo urratsa Eusko Jaurlaritzak hitzarmena onartzea eta Etxebizitza eta Hiri Agenda sailburuak eta Elorrioko alkateak hitzarmena sinatzea izango da. Hitzarmenaren bidez, Udalak udal titulartasuneko lurzoruak eta eraikinak lagako dizkio Eusko Jaurlaritzari, eta honek bere gain hartuko ditu beharrezko azterlanak, proiektuak eta obren exekuzioa.

Goietako eremuan Jaurlaritzak hutsetik eraikiko ditu 43 etxebizitzak, gaur egun orube bat dagoen tokian. Gainerako 11 etxebizitzak Aldapebeitia jauregian eta haren ondoko Aldapebeitia Txikia eraikinean sortuko dira. Bere sasoian, udaletik adierazi zuten aspalditik erabiltzen ez diren eraikinak direla, "zahartzen eta hondatzen ari direnak". Udaletik zehaztu zutenez, "udalak ez du ahalmen ekonomikorik eraikinen birgaikuntzari ekiteko, eta ez du gaitasunik ondoren tamaina horretako azpiegitura bat mantentzeko".

Egitasmoaren ibilbidea
2026ko uztailaren 16an, Elorrioko udalbatzak hasiera batean onartu zuen Eusko Jaurlaritzaren eta Elorrioko Udalaren arteko hitzarmena. Osoko bilkuraren erabakia 20 egunez jendaurrean jarri zen, eta epe horretan bi idazki aurkeztu ziren, bakoitzean hainbat alegazio jasotzen zituztela, guztiak Goietako eremuari lotutakoak, udalak ohar batean azaldu duenez.

Hala, bi erakundeen arteko hitzarmenaren testua udalbatzara itzuli zen joan zen astean, lehenik aurkeztutako alegazioak ebazteko eta, ondoren, behin betiko onarpena berresteko. Udalbatzak, aho batez, aurkeztutako alegazioak ezetsi eta proiektuari behin betiko babesa eman zion, horretarako egindako txosten tekniko eta juridikoetan oinarrituta. 

Maria Herrero Arriolabengoak, Hirigintza zinegotziak, udalbatza bilkuran adierazi zuenenez, “udal-gobernuak arduraz jokatu behar du herritarrek hala hautematen duten arazo sozialik handienaren aurrean. Udalaren lurzoruaren gainean zuzkidura-bizitokiak eraikitzea eta udalaren titulartasuneko eraikin bat birgaitzea proposatzeak erantzukizun horri erantzuten dio, hain zuzen ere. Udalaren jabetzako bi gune bakarrak dira helburu horretarako erabil ditzakegunak, eta, horrenbestez, udal-ondarea interes orokorraren zerbitzura jartzea dakar”.

Zuzkidura-bizitokia zer den
Zuzkidura-bizitokiak alokairuan eskaintzen diren titulartasun publikoko etxebizitzak dira, etxebizitza-behar desberdinei aldi baterako erantzuteko sortuak. Gehienez bost urtez erabili ahal izango dira, eta txandakatzea ahalbidetuko dute. Ez dira babes ofizialeko etxebizitzak, beste erregimen bat dute eta hartzaileek ez dira egoera ekonomiko zaurgarrian daudenak bakarrik. Abanikoa zabalagoa da eta etxebizitza-beharra hainbat arrazoirengatik sor daiteke, hala nola, egungo etxebizitza irisgarria ez izateagatik.

Etxibizitzak erabilgarri daudenean, eskaerak Alokabidek baloratu eta kudeatuko ditu, ezarritako irizpideen  arabera. 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!