Aurtengo jaietako nobedaderik garrantzitsuenetariko bat txosnagunearen kokapena izango da. Bokaten txosna Buzkantz kalean egongo da, eta karpa azpiko txosnak zein haien kontzertuak Ganondoko sarreran egingo dira. Beste nobedadeetariko bat karrozen jaitsieran izango da, ibilbide berria prestatu dute eta: Aldatsekuatik abiatu, herriko plazatik igaro eta San Pio, Errebonbilo eta Erreka kaletik berriro plazaraino.
Horrez gainera, autobus zerbitzuak indartu eta egokituko dituzte, jaietan kanpotik datozen bisitariei joan-etorriak errazteko.
Ferixako datuak
Ferixako azokan "ahalik eta eskaintzarik zabalena" bildu gura izan dutela nabarmendu du udalak, "nekazari, artisau eta abeltzainen parte-hartzea bultzatuta". Ferixa Nausikoetako beste nobedadeetariko bat azokan abelburuak egotea da. Aurreikuspenen arabera, aurten behiak eta idiak ere izango dira bertan. Lehenago, behien artean zabaldutako gaitz bat dela eta, Eusko Jaurlaritzak debekatu egin zuen behiak eta idiak eramatea azoketara. Abadiñoko San Blas azokan, esate baterako. Orain, baina, Jaurlaritzak debeku hori bertan behera utzi du, eta Ferixa Nausikoetan igarriko da hori.
Protokolo feminista, martxan
Ferixa Nausikoetan jai parekide, seguru eta errespetuzkoen aldeko konpromisoa berretsiko dutela azpimarratu dute. Horretarako, herriko mugimendu feministak eta udalak elkarlanean, eraso matxista eta arrazisten aurkako protokolo feminista aktibatuko dute berriro. Informazioa edo laguntza behar duten pertsonek 688 86 52 94 telefono zenbakira jo ahal izango dute, eta jaietan zehar txapel moreak banatuko dituzte. Mugimendu Feministak mezu argia plazaratu du ohar batean: "Erasotzaile, ez daukazu lekurik. Egoten ez badakizu, ez etorri, geratu zeure etxean. Eta erasoa zure lagunak egiten badu? Erasoak eraso izaten jarraitzen du, gertukoa izateak ez dio larritasunik kentzen egoerari. Hori moztea zure ardura da. Autodefentsa feministaz antolatuta gaude".
Julene Lazkano alkateak jaiak bizitzeko gonbita egin die herritarrei: “Eskerrik beroenak eman gura dizkiegu jaiak posible egiten dituzten elkarte, eragile, boluntario, udal langile, merkatari, ostalari, nekazari, abeltzain eta artisau guztiei. Haien konpromisoari eskerrak, Elorriok jai biziak, parte-hartzaileak eta guztiontzako irekiak ospatzen ditu urterik urte. Herritar guztiei gonbidapena egiten diet jaiak euskaraz, errespetuz, berdintasunez eta arduraz gozatzera”.