Disko berria aldaketekin dator, baina esentzia mantetzen duzue. Zer da 'Umiltasuna'?
Mario Cruz: Formazioa aldatu eta abestiei bateria sartzeko gogoa genuen aspalditik. Abestiek, baina, esentzia mantentzen dute, ahotsen melodia, harmonika, gitarra akustikoaren distira. Horiek dira gure ezaugarriak, eta hor daude.
Andoni Orbegozo: Zuzenean ere bateria gehitu gura genuen, kontzertuak akustikoan ere joko ditugun arren.
Txaber Mendez: Gai sakonak jorratzen ditugu berbetan: minbizia, Saharako gatazka, nazien aurkako beste bat ere badago... Sahararen aldeko kanta umiltasunari egindakoa da, eta izen polita iruditu zitzaigun diskoa izendatzeko.
Aitor Ariñogaz grabatu duzue berriro, Lorentzo Recordsen.
T. M.: Aurrekoan oso gustura ibili ginen, eta orain, elkar ezagutzen dugunez, oraindino hobeto.
M. C.: Konfiantza dugu, eta akustikoan eta harmonika grabatzeko ere ondo konpondu gara.
Spotifyren aurkako kanpainara batu zarete.
A. O.: Uste dugu ezin garela besoak gurutzatuta egon Palestinan gertatzen dabilen genozidioagaz. Spotifyk bertan duen arduragaitik, boikot deialdira batzea erabaki dugu. Sare sozialetan ere azaldu dugu zergaitik utzi dugun, eta plataforma alternatiboak begiratzera gonbidatu ditugu jarraitzaileak. Azken finean, boikota gauzatu dezaketenak entzuleak eurak dira. Beste talde batzuk ere gonbidatu ditugu ekimenera batzeko.
T. M.: Lokalean asko eztabaidatu genuen, eta, azkenean, pausoa ematea erabaki genuen.
Elorrion aurkeztuko duzue, abenduaren 20an.
M. C.: Diskoan lagun ugarik parte hartu dute; besteak beste, Aurrez Aurre, Nekktar, Estutu eta Poco Equipaje taldeetako jendeak, eta abenduaren 20ko aurkezpenean egongo dira. Aurretik, Urre Berri tabernan KSKA kolektiboko lagunak egongo dira eguna girotzen, eta, ondoren, Bikalen ere jaia egongo da. Jende askok lagundu digu diskoagaz. Diseinuaz, adibidez, Aritzillo arduratu da.