[GUTUNA] Ibon Munitisek bere osaba 'Txato' Guridiri idatzitako berba hunkigarriak

Anboto 2025eko azaroaren 20a

Azaroaren 7an hil zen 'Txato' Guridi Elorrioko EH Bilduko zinegotzi ohia, bere ingurukoen artean hutsune sakona utziz. Haren ilobak berba hunkigarri hauek eskaini dizkio. 

Hostorik gabeko zuhaitza, kresalik gabeko itsasoa, gailurrik gabeko mendia, aldarririk gabeko injustizia eta errimarik gabeko bertsoa gara zu gabe! Osaba, "inork ez zigun esan euskalduna izatea hain nekeza zala". Irmotasunez eta tinkotasunez defendatzen zendun gai orotan, …"nik ere nahi nuke, halako segurtasunak eduki".

“Dana eman, ezeren truke” izan da zure bizi-leloa; zugandik ikusi eta ikasi baikenuen, dana emon bihar jakola maite dan askatasunari; eta maite den hori, zainddu, babestu eta egunero ureztatu beharra dagoela, bere fruituak eman ditzan. “Laguntasuna, militantzia, maitasuna, auzolana. Herrigintzatik sekula ere, jubilatu ez hintzana”.

Zein da gutariko giza-seme bakoitzak bizitzan zehar, maite duen horren alde, uzten duen aztarna?

Zurea infinitua izan da, amaierarik gabekoa, planeta urdinean kabidarik ez dekona.
Aittitte “Jaingoinkuan” eta bere txikitasunean erraldoia zen amamaren seme txikia. Joserra anaia nagusiaren eta zure alboan, zuri begira, irrifarre ezaba ezin batekin dagoen, gure ama zoragarriaren neba gazteena. Etxeko bizi-poza! Gure lasaitasunerako, alkarraz zagozie; epeletan.

Hire presentzia soilarekin, pozik jartzen gintuan; gure begietan dir-dir berezia islatzen zitzaiguan. Hau hire nolakotasunaren definizioa duk.

Bestalde, herriko hainbat generaziotako ikasleen benetako irakasle kuttuna izan zara, maisua, alegia. Ikasleendako onenaren bila jarduten zinen; herrixan, publikotik eta herrixantzat. Ibilbide oparo eta emankorra zurea, Txato. “Bihotzez irakasten dana ez da sekula ahazten”.

Kimatutako adaxketatik fruitu oparoa ematen jarraituko du zuhaixkak. Ez dadila irakaspenaren transmisio katea inoiz eten. Gaurdanik izar distiratsu berri bat piztu da Euskal Herriko zeru gainean.

Betidanik eta betirako harrotasunez oroituko zaitugu, osaba. Izan untsa.

Maitasunez, zure iloba txikia.

P.D: Amaitzeko, eskerrak eman nahi dizkizuet, familia osoaren partez, agurrera agertu zineten familiakide, lagun eta herritarrei. Berak nahiko lukeen tankerakoa izan baitzen.


Ibon Munitis Guridi

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!