Aldapegora lasterketa, Kopari amaiera emateko

Joseba Derteano 2025ko urr. 24a, 13:00

Elorrioko Erdella mendi taldeak antolatuta, Aldapegora mendi lasterketak hirugarren aldia beteko du zapatuan. Orain arteko jendetsuena izango da. Lasterketa laburra eta luzea kontuan hartuta, 500 korrikalaritik gora batuko dira Elorrioko plazan, inoiz baino gehiago.

Durangaldeko Koparen amaiera ere izango da. Maiatzean hasi zen, Mallabiko 7 Pagogaz. Ondoren, Berrizko Amaraune, Zaldibarko ZalduTrail, Garaiko Asto Trail, Mañaritik Atxetara, Atxondoko Sorginen Lasterketa eta Zornotzako Aramotz etorri ziren, Elorrioko azken hitzordua heldu arte. Antolatzaileek sarritan goraipatu dituzte ekimen berriaren onurak, eta Aldapegorakoek ere iritzi berdina dute. "Ikusmina eragin du eta formatu erakargarria dela uste dut", adierazi du Txaber San Pedrok.

Barikuan umeen probak
Aurreko egunean, barikuan, umeentzako lasterketak egongo dira, zaletasuna bultzatzeko. Distantzia bi daude aukeran: bost kilometrokoa eta kilometro batekoa. Laburra herrigunetik da eta luzean plazatik Mendrakaraino joango dira gaztetxoak. Dagoeneko 70 umetik gora daude izena emanda. Izen ematea egunean bertan ere egin daiteke, 16:30ean. 

Zapatuan lasterketa bi
Zapatuko lasterketa luzea 09:15ean hasiko da, Elorrioko plazan. Korrikalariek 26 kilometro eta 1.700 metroko desnibel positiboa dituen ibilbideari aurre egingo diote. Elorrio inguruko tontorrik esanguratsuenak igaroko dituzte. Proba laburra 10:00etan hasiko da (15 km). Erdella (682 metro) eta Intxorta (743 metro) izango dira probako punturik garaienak. 

Goizean zehar, Elorrio Rugby Taldekoek karpa bat ipiniko dute plazan, eta jan-edanerako aukera eskainiko dute, iaz egin zuten moduan. 

Korrikalariei ematen zaien poltsan, dortsalaz gainera herriko ekoizleen produktuak ere egongo dira, hala nola Belazeko jogurta, Delikatetxeko salda eta Joseba Solozabalen palmerak. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!