"Errendimendu aldetik inoizko mailarik onena eman dut; fisikoki sekula ez naiz hain ondo sentitu"

J.D./M.Z. 2025ko urr. 13a, 15:25

Gontzal Murgoitio Mourne Skyline lasterketan.

Gontzal Murgoitio elorriarra sasoi betean dago. Asteburuan bosgarren izan da Skyrunner World Serieseko Mourne Skyline lasterketan. Duela hiru bat aste Gorbeia Suzien lasterketan hirugarren postua eskuratu zuen. 

Asteburuan Skyrunner World Serieseko Mourne Skyline lasterketa —35 km, 2.700 metro positibogaz— lehiatu da Ipar Irlandan. Lasterketa Manuel Merillas espainiarrak irabazi zuen (3.23.36), eta Gontzal Murgoitio elorriarra bosgarren postuan (3.37.35) helmugaratu zen. "Lasterketan eman dudan mailarekin oso pozik nago. Errendimendu aldetik inoizko mailarik onena eman dut; fisikoki sekula ez naiz hain ondo sentitu", onartu du Murgoitiok. 

Bere errendimenduarekin bai, baina lortutako emaitzarekin ez dago hain pozik. Izan ere, beste korrikalari batzuekin batera, hamabost bat minutuz galduta ibili zen ibilbidean. "Lasterketa buruan Merillas zihoan, eta atzetik hiru korrikalari gindoazen, berarengandik minutu batera. Hamalaugarren kilometroan bidegurutze batera heltzen ginen. Ez zegoen inor,  marka txarto ikusi genuen eta lasterketa kontrako noranzkoan egiten hasi ginen", esan du elorriarrak. Hirukoteak hornidura gunean egin zuen berriro ere bat lasterketagaz.

Gainontzekoek baino kilometro bat gehiago —250 bat metro positibogaz— egin zuten gutxigorabehera.  "Ez genekien korrikalari gehiago galdu ziren edo ez. Hornidura gunean esan ziguten gu ginela galdutako bakarrak, eta hamargarren, hamaikagarren eta hamabigarren gindoazela. Sentsazio onak nituen eta erritmoa estutzea erabaki nuen. Azkenean, Alain Santamariak eta biok esprintean jokatu genituen laugarren eta bosgarren postuak", gogoratu du 24 urteko korrikalariak. 

Prestatzaile aldaketa
Errendimenduan gorakada aldaketa batzuren ostean etorri zaio Murgoitiori. "Udaberriko lasterketetan sentsazio txarrekin nenbilen, eta nire buruarengan neukan konfiantza galtzen hasia nintzen. Aldaketaren baten beharra nuela sentitzen nuen eta prestatzailea eta nutrizionista aldatzea erabaki nuen", gaineratu du elorriarrak. Murgoitioren egungo entrenatzailea Ander Garmendia da, Malen Osaren entrenatzailea dena, besteak beste. Nutrizionista, berriz, Igone Campos zumarragarra da, hau ere mendiko korrikalaria. 

Denboraldi amaiera etxean
Ondo bidean Murgoitiok etxean amaituko du denboraldia. Izan ere Durangaldeko Kopa bukatzeko falta diren lasterketa bietan parte hartuko du: urriaren 18an Zornotzako Aramotz mendi lasterketan, eta urriaren 25ean, Elorrioko Aldapegoran. "Sasoi onean egonda pena apur bat ematen dit denboraldia amaitzeak. Baina jakin egin behar da atseden hartzen, datorren urtera behar moduan heltzeko", adierazi du. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!