Pertsonak zaintzen eta etxeko lanetan dabiltzan emakumeek jaurtiko dute txupinazoa Ferixa Nausikoetan jaiei hasiera ofiziala emateko. Sei urtetik hona, Osakidetza, Elorrioko Berdintasun Saila, Mugimendu Feminista, herriko kultur elkarteak eta zaintza lana egiten duten emakumeak formakuntza egiten dabiltza. Eta aurten kolektibo horretako emakume zaintzaileei eskaini diete jaiei hasiera emateko aukera.
Itsaso Basauri kultur zinegotziak jaien aurkezpeneko prentsaurrekoan azpimarratu zuenez, "egitaraua Elorrioko eragile eta langile askoren artean osatzen da". Zinegotziak azaldu zuen lan kolektiboaren emaitza izan dela. 260.000 euroko inbertsioagaz, udalak apustu ekonomiko "sendoa" egin du. Jai parekideen aldeko aldarria egiteaz gainera, eraso matxista zein arrazistak prebenitzeko kanpainak martxan ipiniko dituzte. Horrez gainera, erasoren bat gertatuz gero telefono zenbaki bat ere ipini dute bertara deitzeko: 688 865 294.
Adin tarte denentzako ekitaldiak izango dira. Ume eta gazteentzat suzko zezena, erraldoiak, haur parkea, bits jaia eta beste hainbat ekintza ere izango dira. Zintzilik emozioen laborategia ere izango da gazteentzat, Ganondon. Nagusiei begira, jubilatuentzat dantzaldia eta berbenak programatu dituzte: Gauargi, Tik tara (saltsa), Haize Arrosa, Erromintxelak eta Mariatxi Rumbo a Tijuana.
Tradizio handiko ekitaldiak ere izango dira: karrozen jaitsiera, Sukalki Eguna, bertsolariak, erromeriak eta Elorrioko kolore eta zaporeak, besteak beste. Musikari dagokionez, Tatxers, Süne, Haize Arrosa, Nekktar, Against You eta Hofe izango dira oholtza gainean, besteak beste.
Baserrien erakusleiho
Jaiei izena ematen dien Ferixa Nausikoetako Abere, Nekazaritza eta Artisau Azoka domekan izango da, Ferixalekuan. Durangaldeko eta Euskal Herri osoko baserritar eta abeltzainen erakusleiho izango da Elorrio. Giroa alaitzeko, Elorrioko txistularien kalejira eta Ku-klux fanfarrea herrian zehar ibiliko dira.