Minbiziaren tabuak Arriolako oholtzan ikusaraziko dituzte

Anboto 2025ko mai. 13a, 13:28

Arg: Izan Inurri.

Izan Inurri elkarteak 'Tabuen kutxatik oholtzara' elkartasunezko bertso saio musikatua antolatu du Elorrion; maiatzaren 23an izango da emanaldia, Arriola kulturgunean. Sarrerak Izan Inurriren webgunean eros daitezke, sei euroan. Sarreren salmentatik lortutako etekinak Izan Inurri elkartearentzako izango dira. 

Bertso saio musikatuan Ane Labaka, Onintza Enbeita, Oihana Bartra eta Jone Uria bertsolariek, eta Gari Otamendi eta Ixak Arruti musikariek parte hartuko dute; Izan Inurri elkarteko emakumeek ere parte hartuko dute ekitaldian, oholtzara gaiak jartzera igoz. Hain zuzen ere, besteak beste, minbizia modu batera edo bestera jasan dutenen testigantzak gizarteratu gura ditu elkarteak. "Minbiziaren inguruan dagoen mundu zabala ikusaraztea da ekitaldiaren helburua, gaixotasunak inposatzen duen isiltasuna hautsiz, mamuak zokoratuz eta tabu diren gaiak azaleratuz". Bularreko minbiziagaz lotzen diren estereotipoak gainditzea da Izan Inurriren beste erronketako bat. "Minbiziak inposatzen duen isiltasun eta estigmari, emakume izateari lotutakoa gainjartzen zaio. Euskal kulturan ere, historikoki izan emakume ahotsaren espazio eta prestigio falta eta Inurriren proiektuak egoera horiek ere iraultzen eragin nahi du", azaldu dute ohar baten bidez.

Elorrioko Udalak elorriarrak elkartasun ekitaldira joateko deia luzatu du, ohar berean. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!