Elorrioko ziklo-krosa, sasoi batean baino "apalagoa" baina beti bezain "garrantzitsua"

Anboto 2024ko urr. 22a, 15:39

Bizkaiko Txirrindularitza Federazioko presidente Manu Gomez, Elorrioko alkate Julene Lazkano eta Elorrioko Txirrindulari Elkarteko Joseba Gorostiza eta Zugaitz Ayuso gaurko aurkezpenean.

Elorrioko ziklo-krosak 47. aldia beteko du datorren asteburuan. Iaz hasitako etapa berriari jarraituz, Euskaldun torneoaren eta Bizkaiko Koparen barruko proba izango da. Ez du nazioarteko zigilurik eta ezta sasoi bateko oihartzunik ere, baina beste helburu batzuk lortzeko beti bezain inportantea izaten jarraitzen duela aldarrikatu dute antolatzaileek, batez ere harrobiari eta ziklista euskaldun gazteei begira. 

"Ez da erraza lasterketak aurrera ateratzea eta ziklistek lasterketak behar dituzte euren maila hobetzeko. Proba apalagoa izan arren, Elorriokoak garrantzitsua izaten jarraitzen du", azaldu du gaurko aurkezpen ekitaldian Zugaitz Ayusok, Elorrioko Txirrindulari Elkarteko kideak.

Parte hartzeari dagozkion datuak oso onak dira: asteburu osoa kontuan hartuta, 380 ume eta beste hainbeste nagusi egotea itxaroten dute; ia 800 txirrindulari. Beste datu positibo bat eman du aurkezpenean probako antolatzaileetakoa den Joseba Gorostizak. "Sei bider nazioarteko maila izan dugu; hiru bider C1 maila eta beste hirutan C2 maila. Bada, kadete mailako parte hartzaileen errekorra iaz izan genuen: 90 kadete mutiletan eta 35 nesketan".

Elorrioko maila berdina duten beste lasterketa batzutan ere gorakada bat eman dela nabarmendu du Bizkaiko Txirrindularitza Federazioko presidentea den Manu Gomezek, batez ere emakumeetan. Joan zen asteburuko Urduñako proba ipini du adibide moduan: 70 kadete aritu ziren mutiletan eta 30 nesketan.

Zapatuan eta domekan

Ziklo-krosa asteburu osoan izango da protagonista Elorrion. Zapatuan,15:30 eta 17:00 bitartean, umeak ibiliko dira, benjaminetatik haur-kategorietara artekoak, hain zuzen. Domekan nagusien txanda izango da. 09:30ean Master mailakoak hasiko dira eta, ondoren, kadete eta juniorrak. Emakumeen elite mailako proba 11:30ean hasiko da eta gizonen elite mailakoa 12:30ean. San Joseko landetan kokatutako zirkuitua —2.700 metro— iazko berdina izango da. 

Faboritoei dagokionez, Laida Hierro durangarra aipatu daiteke emakumeetan. Joan zen asteburuan Urduñako ziklo-krosa irabazi zuen eta sasoian dago. Gizonetan Aitor Hernandez eta Iñigo Gomez dira faborito bi. 

Lan talde eraberritua

Aurten lasterketa antolatzen dutenen lan taldean errelebo bat eman da. Nagusiagoek gazteagoei pasatu diete testigua. Odol berri horren adibide da gaur egun Elorrion bizi zen Zugaitz Ayuso itsasondoarra. Munduko txapelketan sei bider aritua da eta bere esperientzia Elorrioko ziklo-krosaren mesedetan erabili gura du. Ayusok "eskerrak" eman dizkie urte askoan lanean aritu direnei. Denen gidari Joseba Gorostizak jarraituko du. Lanerako "ilusioz beteta" segitzen duela dio Gorostizak.

URRIAk 26, ZAPATUA

  • 15:30 Benjaminak
  • 16:00 Kimu maila
  • 17:00 Haur-kategoria

URRIAK 27, DOMEKA

  • 09:30 Master 40, 50, 60
  • 10:30 Kadeteak
  • 11:30 Juniorrak eta emakumezko elitea
  • 12:30 Gizonen elitea, 23 urtez azpikoa eta master 30
  • 13:30 Sari banaketa
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!