Ferixa Nausikoak

Dena prest Elorrioko Ferixa Nausikoetarako

Jone Guenetxea 2024ko abu. 30a, 11:00

Aurreko edizio bateko Feriako nekazarien postua.

Elorrio Futbol Taldeko kideek txupinazoa jaurtita jai giroa nagusituko da bihar, Elorrion. Jaiak antolatzerakoan kultur eta kirol elkarteen aldetik izan duten parte-hartzea azpimarratu du Itxaso Basauri kultur zinegotziak. "Elkarlan handia dugu jai hauek antolatzeko, elkarteek hainbat ekintza antolatzen dute eta. Ferian ere, artisauen, abeltzainen eta nekazarien parte-hartzea handia da. Denon ekarpenari eskerrak jai egitarau aberatsa sortu dugu", dio Basaurik.

Ferixa Nausikoetako jaietako egitarauan 80 ekitalditik gora aurreikusi dituzte. Kontzertu eta kale ikuskizun ugarik girotuko dituzte jaiak. Bestalde, irailaren 8ko bertso saioaren ondoren, Aukeran dantza konpainiak Aiurri ikuskizuna taularatuko du plazan.

Umeentzako egitarauaren barruan, haur parkeak, bits jaiak, suzko zezena, buruhandiak eta txu-txu trena nabarmendu dituzte.

Gazteentzat, Zintzilik Emozioen Laborategia eskainiko dute Ganondo parkean, irailaren 4an eta 5ean, goizean eta arratsaldean. Horrez gainera, Elorrioko jaietan tradizio diren Danborrada, Sukalki Eguna, kuadrillen arteko jolasak eta beste hainbat ekitaldi izango dira.

Txosnaguneari dagokionez, egitarau propioa izaten du jaien barruan. Aurtengo kartelburuak Unidad Alavesa eta Nogen taldeak izango dira.

Jaietako nobedadeak
Aurten nobedade modura, zesta-puntari lekua egingo diote jai egitarauan. Irailaren 8rako ateak irekitzeko eguna antolatu dute. Hilario Azkarate frontoian izango da. Ondoren, emakumeen goi mailako zesta-punta partidua jokatuko dute.

Beste berrikuntzetariko bat arratsalde-gauerako aurreikusi duten Dantz Point musika elektroniko laborategia da. Musika elektronikoagaz esperimentatzeko aukera izango da Ganondo parkean.

Bestalde, jaiei izena ematen dien Ferixa Nausikoak 20 artisau eta 45 nekazari eta ekoizle batuko ditu. Irailaren 1eko azokan behiak, ardiak, zaldiak, astoak eta ahuntzak izango dira; baita makinaria ere. Ardi moztaileen erakusketak borobilduko du feriako goiza.

Udal ordezkariek anbulantzia zerbitzua ere nabarmendu dute. Mediku puntu bat izango da jaietan, 112 Larrialdi Zerbitzuekin koordinatuta.

Eraso matxista eta arrazisten inguruko prebentzio kanpaina martxan izango da eta dinamizatzaile more bi kaleetan zehar ibiliko dira egun bitan informazioa zabaltzen, Julene Lazkano alkateak esan duenez: "Urtero legez, protokoloa landu dugu herriko eragile feministekin". Telefono zenbaki bat ipini dute erasoren bat gertatuz gero bertara deitzeko: 688 865 294. "Azpimarratu gura dugu erasotzaile, matxista, arrazista eta gainerakoek ez dutela lekurik herri honetan. Hemengoak badira ospa egin dezatela, eta kanpokoak badira ez daitezela etorri", esan du Lazkanok. Jaiak errespetuz ondo pasatzeko direla nabarmendu du alkateak. "Gure ingurua eta gure hizkuntza errespetatuko dituen jaiak gura ditugu. Jai euskaldunak izatea gura dugu, euskaratik eta euskaraz", gogoratu du udal buruak.

Aurtengo jaietako aurrekontua 200.000 eurokoa da, iazkoa baino 30.000 euro gehiago, udal arduradunek jaien aurkezpenean azaldu dutenez. "Aurten ere ahalegin ekonomiko handia egin dugu jai egitarau anitz eta aberatsa izateko", azaldu du Julene Lazkano alkateak.

Maite Blanco kartelgilea
Maite Blanco elorriarrak irabazi du aurtengo jaietako kartel lehiaketa. ANBOTOk ematen duen 500 euroko saria jaso du Blancok. Guztira, 21 proposamen aurkeztu dituzte lehiaketara, inoiz baino gehiago, Elorrioko Udaleko iturrien esanetan. Horrez gainera, 752 lagunek botoa eman dutela ere azpimarratu dute; 456 lagunek webgunetik, eta 296 herritarrek Iturri kultur etxera bertaratuta.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!