Ferixa Nausikoak

"Norbere kartela norbere herriko jaiak iragartzen ikustea gauza ederra da"

Ekaitz Herrera 2024ko abu. 29a, 09:34

Maite Blanco Urrejolak "sorpresa handia" hartu zuen Iturri Kultur Etxetik deitu ziotenean. Ez zuen espero berak irabaztea sorterri duen herriko jaiak iragartzen duten kartel lehiaketa. Pozik dago sariagaz, eta gogotsu Ferixa Nausikoak ailegatzeko. Kuadrillakoekin kalera irtenda gozatuko du gehien.

Zelan jaso zenuen kartel lehiaketa irabazi izanaren albistea?
Sorpresa handia hartu nuen. Ez nuen inondik inora espero. Iturri Kultur Etxetik telefonoz deitu zidaten, eta pentsatu nuen beste arrazoiren bategaitik deitu zidatela, liburutegitik edo. Eta hara! Ilusioa egin zidan. Norbere kartela norbere herrian ipinita ikustea ederra da.

Izan ere, elorriar baten kartelak iragarriko ditu Ferixa Nausikoak.
Ohore handia da niretzat. Lehiaketara aurkeztu nintzenean ez nuen ezelako presiorik sentitu. Gustura eman nuen izena, bertan parte hartzeko asmo hutsagaz. Bestalde, iruditzen zait beti dela errazagoa zure herriko jaiei buruzko kontuak islatzea kartelean. Jaiak bizi izan dituzunez, herria ezagutzen duzunez, badakizu gauzan nondik nora doazen. Ingurukoek oso kartel polita eta alaia dela esan didate. 

Elorrioko ikur ugari batu duzu kartelean.
Inklusibitateaz gainera, herriko ikurrik sinbolikoenak islatzen ahalegindu naiz. Kartela ikusita, jendeak Elorrio ikustea gura nuen. Errebonbiloa, Argiñetako hilarriak, udaletxea, eliza, Don Tello kaleko arkua eta plazako iturria daude, besteak beste.

Sarri aurkezten zara halako lehiaketetara?
Elorrioko kartel lehiaketan parte hartzen dudan hirugarren aldia da. Aurreko edizio bietan, beste pertsona bategaz aurkeztu naiz. Berak ideiak garatu, eta diseinua neuk egiten nuen. Aurten bakarrik aurkeztu naiz lehiaketara. Gainerako herrietan egiten diren txapelketetara ez naiz inoiz aurkeztu. 

Zelan ospatzen dituzu herriko jaiak?
Jaiak kuadrillagaz batzeko aukera ederra dira. Kiderik gehienok batzen gara eta horrek ilusioa egiten dit. Bigarren asteburua beti izaten dut gorriz markatuta. Karrozen eguna asko gustatzen zait. Gero, domekan egoten den Mundu zabaleko janarien ekintzara joatea gustatzen zait (Elorrioko kolore eta zaporeak izeneko egitasmoa).

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!