Elizpeak hartuko ditu Musikaireko artistak asteburuan

Aritz Maldonado 2024ko uzt. 19a, 11:00

San Rompe Pera taldea.

Son Rompe Perak eta Hit La Rosak kontzertuak emango dituzte, eta HURyCANek dantza ikuskizuna.

Son Rompe Pera talde mexikarrak kontzertua emango du gaur gauean Musikaire jaialdian. Mexikarrek marimba, cumbia eta punk doinuak nahasten dituzte, eta Europako biraren barruan bisitatuko dute Elorrio. Hit La Rosa taldea ere itsasoaren beste aldetik dator; Perutik, hain zuzen ere. Hauek ere cumbia hartzen dute ardatz, psikodelia ikutuekin. Kontzertuak elizpean izango dira, 22:30ean.

Domekan dantza garaikide emanaldiak egongo dira eta Euskal Herriko artistarik interesgarrienetariko batzuk ikusteko aukera egongo da: HURyCAN, O Globo, iXa eta Elektrokat kolektiboa. 19:00etan izango da, plazan. 

Azkena, zirkua

Hurrengo asteburuan amaituko da Musikaireren aurtengo zikloa. Kinkfolk eta Sara Arzuzak jazz eta folk kontzertuak emango dituzte. Uztailaren 28an amaituko da zikloa, ikusmirarik handiena sortu duen emanaldietariko bategaz, Los Galindosen MDR zirkuagaz. Ikuskizun honetarako karpa berezi bat ipiniko dute Aldapebeitian. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!