Musikaire jaialdiak bigarren jardunaldia izango du gaurtik aurrera, eta oraingoan musika izango da protagonista bakarra. Hori bai, Elorrio bisitatzen dutenek munduko hainbat doinu ezagutu dezakete asteburuan. Gaur, afroa, jazza eta doinu latinoak uztartzen dituen Los 300 hirukoteak joko du. The penguin trip diskoan, Kuba, Kolonbia, AEB eta Andaluzia bisitatzen dituen bidaia soniko legez definitzen du taldeak. Zapatukoa, ostera, deserturako bidaia izango da. Handik dator, hain zuzen ere, Tarwa N-Tiniri taldea. Taldearen izenak basamortuko seme-alabak esan gura du amazigh hizkuntzan; basamortuko blues doinuak eskaintzen dituzte, eta amazigh herriko soinu tradizionalak jazz eta reggae ikutuekin nahasten dituzte.
Inziarte, Nafarroatik
Euskal musikak ere badu bere pisua Musikairen. Joan den astean, Tapia eta Leturia Bandek jo zuen, eta domekan Olaia Inziarte nafarrak emango du kontzertua. Gaztea izan arren, ibilbide oparoa darama. 2022an Lehengo lepotik burua lehenengo lan luzea kaleratu zuenetik, dozenaka zuzeneko eman ditu hileotan, eta bere lekua egin du euskal musikagintzaren panoraman. Oraintsu, Lagun II singlea kaleratu du. Hirukote formatuan emango du kontzertua.