Gaur hasiko da Musikaire, Tapia eta Leturia Banden emanaldiagaz

Aritz Maldonado 2024ko uzt. 5a, 11:56

Hamabi ekitaldik osatzen dute Musikaire jaialdiaren XXIV. edizioko egitaraua; Arespakotxaga lorategian eta Aldapebeitia atzean ere egingo dituzte emanaldiak aurten.

Hamabi emanaldigaz, Elorrioko zenbait txoko oholtza bihurtuko dira uztailean beste urte batez. Hain zuzen ere, gaur hasiko da Musikaire jaialdia, Tapia eta Leturia Band taldearen kontzertuagaz. 1984tik plazarik plaza ibili dira Joseba Tapia eta Xabier Berasaluze 'Leturia' trikitixaren doinuak zabaltzen eta doinu garaikideagoetara moldatzen; 22:30ean izango da euren emanaldia. Bihar, zapatua, Ojos de Brujo talde entzutetsuko abeslari ohi Marinah-k abestuko du; 22:30ean izango da emanaldia. Katalanak runba eta flamenkoa reggaea, hip hop eta doinu kubatarrekin nahasten ditu, besteak beste. Asteburua amaitzeko, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek Ez gara jaitsiko ikuskizuna egingo dute domekan. Asteburu honetako emanaldiak plazan izango dira. 

Musikairek agertokian emakume gehiago egotearen aldeko apustua egin du aurten, eta, besteak beste, Sara Azurzak eta Olaia Inziartek kontzertu bana emango dute. Eta bertako doinuez gainera, Lucero Paucar abeslariak gidatzen duen Hit La Rosa talde peruarrak dantza egiteko aukera emango du, eta HURyCAN bikotearen dantza garaikide emanaldiaz ere gozatu ahal izango dute Elorriora doazenek. 

Toki berriak

Aurten, iazko moduan, plazako eta Lariz jauregiko emanaldiei eutsiko diete, baina, horiez gainera, Arespakotxaga lorategian eta Aldapebeitia jauregiaren atzeko aldean ere egingo dituzte kontzertuak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!