"Egungo baldintza juridiko-teknikoak kontutan hartuta, ELA sindikatuari jakinarazi zaio Udala prest dagoela hurrengo lizitazio-pleguetan sartu beharreko hobekuntzak negoziatzeko, hau da, 2025eko urriaren 1etik aurrera kontratua arautuko duten pleguetan", azaldu du ohar baten bidez Elorrioko Udalak. "Udalak uste du gehiengo sindikalak sinatutako hitzarmen probintziala errespetatu egin behar dela, eta une honetan ezinezkoa dela zentro mailan legez ezer adostea; instalazioen kudeaketa esleitzeko prozesua joan den maiatzaren 15etik dago martxan, kontratua 2024ko urriaren 1ean indarrean jarri ahal izateko. Behin esleipen-kontratuaren pleguak argitaratuta, legez kanpokoa da horiek aldatzea eta udalak une honetan kontratuaren baldintzak zentroko akordio baten bidez aldatuko balitu, Sektore Publikoko Kontratuen Legea urratuko luke. Hala balitz, legezkontrakotasun bat egiten ariko litzateke, eta udalarentzat berarentzat, kiroldegiarenzat, eta oro har Elorrioko herritarrentzat ondorio oso larriak izango lituzke", argudiatu dute. Horrez gainera, lizitazio-pleguetan sartu beharreko hobekuntzak negoziatzeko borondatea agertu du. "Negoziazioak presiorik gabe igaro behar dira, eta ikuspegi teknikotik baloratu behar da lizitazioan zer sar daitekeen eta zer ez, are gehiago lizitazio berri hau abian jartzeko ia urtebete geratzen denean, eta lasai hitz egiteko denbora nahikoa dagoenean. Beraz, udalak hitz ematen du negoziazio horiek hasiko dituela langileek eta haien ordezkaritza sindikalak hala eskatzen dutenean, eta negoziazio horiek egutegian ezarriko dituela".