Kirol ekitaldiz betetako asteburua dator Elorrion: Kicboxing opena, Errugbi Eguna eta motorren cross country proba

Anboto 2024ko eka. 12a, 09:00

Kickboxing openak 230 parte hartzaile baino gehiago batuko ditu.

Elorrion hiru kirol ekitaldi izango dira asteburuan: Errrubi Eguna eta Kickboxing Opena zapatuan, eta, motorren lasterketa, domekan.

Kickboxing Opena

Kick-boxing txapelketa Hilario Azkarate pilotalekuan izango da, 10:00etatik 16:00 ingurura. Indar X Sport klubaren, udalaren eta euskal federazioaren artean antolatuko duten ekimenak hirugarren aldia egingo du aurten. 30 taldeko eta 230 parte hartzaileko langa gaindituta, pozarren dira antolatzaileak. Aurtengo nobedade bat da modalitate inklusiboa ere egongo dela. Opena zapatuan da, baina pisaketa barikuan egingo dute, eta ez edonon, Elorrioko plazan baino.

Sarrerekin lortutako diruaren zati bat Ama, txo! elkarteari emango diote, dohaintzan. Elkarte honek esklerosi anizkoitza dutenei laguntzea du helburu. Elkartasunean bidelagun izango dute CrisLa gozodenda. Openean postu bat jarriko du eta salmentako zati bat Ama, txo! elkartera bideratuko dute. 

Errugbi Eguna

Zapatuko beste kirol ekimen bat Elorrio Rugby taldearen Errugbi Eguna da.  Goizean, errugbi zelaian, errugbi-tag modalitatean jokatuko dute 11:00etan hasita: txikiek eta gurasoek lehenengo, eta 13 urtetik gorakoek ondoren.

Eguerdian herri bazkaria egingo dute plazan eta txartelak egunean bertan salduko dituzte. Arratsaldean, giro onari eusteko gogoz, jolasek, musikak, animazioak eta zozketek jarraipena izango dute.

Motor proba, Mendrakan

Aurreko guztia gutxi balitz, domekan Cross Country lasterketa egingo dute Mendrakan eta inguruetan. Aurreko urteetan lasterketa txikiagoak eta ez-ofizialak egiten ziren moduan, aurten, lehenengo aldiz, sailkapen orokorrerako puntuagarria izango da. Motorren lasterketak 11:30ean hasiko dira eta sariak 14:30ean banatuko dituzte.

Ekitaldia ikustera doazenek ezingo dute kotxea Mendrakan aparkatu, hortaz, herrian aparkatu eta oinez igo beharko dute auzora, udalak ohar batean informatu duenez.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!