Horregatik, ekainaren 15erako Elorrion antolatu dugun Kickboxing eta Muay Thai Openak modalitate inklusiboa barneratuko du lehenengoz, eta, gainera, batutako diruaren zenbateko bat Ama, txo! elkarteari emango diogu dohaintzan.
Une honetan txapelketako protagonista nagusietakoa aurkeztuko dizuet: Alain Arteagabeitia. Modalitate inklusiboan parte hartuko du. Esklerosi anizkoitza ez du oztopo izan maite duen kirola praktikatzen jarraitzeko, ezta bere egoeran daudenei laguntzeko ere Ama, txo! elkartea sortzeko. Benetako borrokaren adibide Uribe Kosta Fight Academy-ko kidea.
Guk gure ekarpena egingo diogu, aurretik Aspanovas edo beste elkarte batzuekin egin dugun antzera. Sarrerekin lortutako diruaren zati bat elkarteari emango diogu, dohaintzan. Elkartasunean bidelagun izango dugu CrisLa gozodenda. Openean postu bat jarriko du eta salmentako zati bat Ama, txo! elkartera bideratuko dute.
Bestelakoan, Elorrioko Udalaren eta hainbat babesleren laguntzarekin, Hilario Azkarate pilotalekuan antolatutako opena ofiziala izango da, Euskadiko Boxeo Federazioaren eta Euskadiko Kickboxing eta Muay Thai sailaren babespean egingo delako. 10:00etan hasi eta 16:00ak arte iraungo du.
Elorrioko Indar Xsport eta Durangoko Laureano Lara kluben artean 35 parte hartzaile aurkeztuko ditugu, askotariko kategoria eta modalitatetan. Guztira, Euskadi osoko 150 kirolari inguru batzea espero dugu.