Oraina eta etorkizuna uztartuz, Elorrio futbol taldea Euskal Ligako onenen artean aritu da beste behin ere

Anboto 2024ko mai. 31a, 12:00

Elorrio Futbol Taldeko hamaikakoa Kopako partiduan. (Argazkia: Jose Ramon Txopitea Bengoetxea)

Euskal Kopako final-laurdenetan kanporatu izanak ez du orbantzen Elorriok Euskadiko talderik indartsuenen ligan emandako maila.

Elorrio futbol taldeak amaitu du aurtengo denboraldia eta heldu da balorazioa egiteko sasoia. Denboran gertuen dagoena Euskal Kopako porrota da. Elorriok ligan bere azpitik geratu den Hernaniren kontra galdu zuen, joan zen asteburuan Eleizalden jokatutako partiduan. Porrota bezain mingarria izan zen galtzeko modua, partidua eroso irabazteko adina aukera huts egin zutelako. Baina zuhaitzak ezin duela basoa ezkutatu dioen esaera egoki datorkio kasu honi. Partidu batek ezin du gainerako guztia ezabatu. Elorriok laugarren amaitu du Euskal Liga. Beste behin ere ligako onenekin lehian aritu da eta Alaveseko eta Realeko filialak eta Pauldarrak taldea baino ez dira geratu bere aurretik sailkapenean.

Gontzal Arana entrenatzaileak jokalarien konpromisoa gorapaitu du: "Taldea ligan ondo ibiltzen denez, egiten duenari ez zaio merezitako garrantzirik ematen. Kontuan hartu behar dugu herri txiki bateko taldea dela, jokalaririk gehienak lanean dabiltzala eta esfortzu handia egin behar dutela. Meritu handia dute".

Kanporaketa krudela
Euskal Kopako final-laurdenak krudelak izan ziren Elorriogaz. Galdu izanagaitik baino gehiago, galtzeko moduagaitik. Barkatzen duenak galdu egiten duela dio beste esaera batek eta horixe gertatu zitzaion Elorriori Hernaniren kontra, etxean zaleen aurrean jokaturiko partiduan. Arauzko 90 minutuen barruan binako berdinketagaz amaitu zen partidua. Elorriarren golak Maria Lopezek eta Izarra Arredondok sartu zituzten. Aranaren ustez, gol gehiago sartzeko "aukera garbiak" izan zituzten, baina ez zuten asmatu. Aukerarik garbiena partiduko azken minutuan huts egin zuten: penalti bat. Azken segundoko garaipena izan zitekeena penaltietako sufrimendu bihurtu zen bat-batean. Penaltietan ere Elorrio aurretik joan zen momentu batean, baina, azkenean, Hernanik buelta eman zion egoerari. Amaiera "dramatikoa" izan zela onartu du Aranak.

Edozelan ere, ez da ahaztu behar domekan Durangon jokatuko den finalera bitartean eurak direla Euskal Kopako txapeldunak. Iaz, ezustekoa emanda, Elorriora ekarri zuten garaikurra.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!