Txapeldunen Ligako garaikurragaz argazkia ateratzeko aukera, Elorrion

Anboto 2024ko mai. 13a, 12:00

Txapeldunen Ligako garaikurra. (Argazkia: UEFA)

Eguenean Iturri kultur etxean egongo da. Biak Bat kirol klubak nesken futbol harrobia sustatzeko egiten duen lana saritu gura dute Kopa ekarrita.

San Mames furtbol zelaiak Txapeldunen Ligako — UEFA Women’s Champions League— finala hartuko du maiatzaren 25ean. Bartzelona eta Olympique Lyon taldeek neurtuko dituzte indarrak Europako garaikurrik baliotsuenaren bila.

Garaikur hori bera herriz herri dabil egunotan. Erakundeek 'Trophy Tour' deitu dioten biraren barruan, Elorrioko Iturri kultur etxean egongo da eguen honetan, egun osoan zehar: 09:00etatik 20:30era. Gura duten guztiek garaikurragaz argazki bat ateratzeko aukera izango dute.

Kopa eskualdera ekartzea ez da kasualitatea. Elorrio eta Zaldibarko Zaldua futbol klubek emakumeen harrobia lantzeko Biak Bat egitasmo bateratua hasi zuten 2019an eta harrezkero lan handia eta arrakastatsua egin dute, mailaz maila, nesken futbola sustatzeko. Lan eredugarri horri egindako esker on keinua da Txapeldunen Ligako kopa hona ekartzea.

Aldundiak herritarrei dei egin die argazkiak sareetara igotzeko honako hashtag-ak erabiliz: #SanMamesTopera #HayMuchoEnJuego #AskoDagoJokoan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!