Jesus Aristegi: "Garrantzitsua da gaiari daukan garrantzi politikoa ematea, gertatu zenari duen balioa ematea"

Anboto 2024ko api. 6a, 18:00
Artxiboko irudia. EITB

Erorien Haranetik biktimen gorpuzkiak ateratzeko lanak bisitatzeko aukera eman die Espainiako Gorbenuak senideei. Elorrioko Jose Larrañagaren familia bertara joateko aukera aztertzen ari da.

Erorien Haranean –egungo Cuelgamuros– hobiratutako senideen gorpuzkiak ateratzea eskatu duten herritar eta ordezkariei gutuna bidali die Espainiako Gobernuak, Santo Sepulcro kaperaren jarri duten laborategi forentsea bisitatzeko aukera emanez. "Lanen egoerari buruzko eta izandako oztopo eta aurrerabideei buruzko lehen eskuko  informazioa ematea" da helburua, gutunean azaldutakoaren arabera.

Elorrioko Laumunarrieta elkarteko kidea da Jesus Aristegi eta bere berbetan, "garrantzitsua da gaiari daukan garrantzi politikoa ematea, gertatu zenari duen balioa ematea. Urte asko dira memoria historikoa berreskuratzeko borrokan ari garela". Erorien Haranean daude hobiratuta Aristegiren osaba zen Jose Larrañaga Zarraoaren gorpuzkiak, eta lanen inguruko informazioa jasotzeko aukerari "interesgarria" deritzo. Gogoratu du Euskal Herriko eta Espainiako milaka herritar eraman zituztela bertora.

Aristegik azaldu duenez, Cuelgamurosen hobiratutako biktimen beste senide batzuekin dago kontaktuan, Tolosa, Markina, Zornotza eta Basaurikoak. Bada, haiekin hartu emanean jarri eta gorpuzkiak ateratzeko lanak ikustera joateko aukera aztertzen ari da Aristegi

2023ko ekainetik kriptetan lanean ari den forentse taldeko kideen eskutik jasoko dituzte ikerketa operatiboaren inguruko azalpenak, eta bertaratujko diren biktimen senideek nahi dituzten galderak egiteko aukera izango dute. Espainiako Gobernutik azaldu dietenez, talde txikiak antolatuko dituzte, eta horretarako bertaratuko diren baieztapena eskatu zaie biktimen senideei. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!