Urteetako borrokaren ondoren, 2021eko irailaren 21ean, Larrañagaren gorpuzkiak eta beste hainbat lagunenak ateratzen hasiko zirela jakinarazi zieten senitartekoei. Baina lan horiek geldirik egon dira hilabete luzez. "Esan digutenez, helegiteren bat egon da eta horregaitik egon da geldituta. Orain, ostera, epaileak lanak berrekiteko agindua eman du", azaldu du Jesus Aristegik, Larrañagaren ilobak.
Larrañagaren senitartekoek ez dute esperantzarik galdu. "Osabaren gorpuzkiak aurkituko dituzten esperantza dugu. Esperantza eduki behar dugu, ezin dugu galdu", gaineratu du Aristegik. Gainera, osabaren gorpuzkiak aurkituz gero Elorrioko kanposantura ekarriko dituztela azaldu du: "Baimena eskatuta daukagu eta gorpuzkiak aurkitzen badituzte bertara ekarriko ditugu".