"Guretzat poztasun handia da osabaren gorpuzkiak Erorien Haranetik berreskuratzeko bideari ekitea"

Maialen Zuazubiskar 2021ko ira. 21a, 14:34

Argazkia: Ur handitan

Erorien Haranetik Jose Larrañaga Zarraoa elorriarraren gorpuzkiak ataratzeko lanei ekin diote. 

Jesus Aristegiren osaba, José Larrañaga Zarraoa, Elorrioko Gazeta auzoko Aranzeta Txiki baserritik eraman zuten tropa frankistek, 18 urte zituela. Urteetan, familiak ez zuen Larrañagaren berririk izan eta, Aranzadiri eskerrak, bere gorpuzkiak Madrileko Erorien Haranean zeudela jakin zuten.

Urteetako borrokaren ostean, denbora luzez itxaroten egon diren mezua jaso dute Larrañagaren senitartekoek aste honetan: Larrañagaren eta beste hainbat lagunen gorpuzkiak ateratzen hasi dira Erorien Haranean. "Guretzat poztasun handia da osabaren gorpuzkiak Erorien Haranetik berreskuratzeko bideari ekitea", azaldu du Jesus Aristegik. Hala ere, aitortu du badakitela bide hori oraindino luzea eta gatxa izan daitekeela. "Abisatu digute bidean zailtasunak egon daitezkeela, lanek luze jo dezaketela eta balitekeela osabaren gorpuzkiak ez agertzea. Hala ere, familiarentzat oso garrantzitsua da lan hauekin hasi direla jakitea", jarraitu du.

Bestalde, orain arteko bidea "luzea" izan dela aitortu du Aristegik, eta, batez ere, talde memorialistek eginiko lanari eskerrak heldu direla puntu honetaraino. "Talde hauek bultzatuta, familiak mugitzen hasi gara eta DNA probaren bitartez lortu genuen jakitea gure senitartekoak han zeudela", gehitu du Aristegik.

Justizia eta erreparazioa
Aristegik azpimarratu du garrantzitsua dela Larrañagaren gorpuzkiak Erorien Haranetik ateratzea, ez bakarrik "osaba etxera" ekartzeko, baita zer gertatu zen gogoratzeko, justizia egiteko eta erreparazioa aldarrikatzeko ere.


Aristegi 2020an Erorien Haranean egon zen Ur Handitan saioko kideegaz. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!