Kaliforniara begira ipini zarete lan berri honetan ere.
Aurreko lanean ere zerbait desberdina egin gura genuen, baina oraingoan abiadura gehiago sartu dugu eta lortu gura dugun Zeker horretara gehiago hurbildu garela esango nuke. Gure influentziek betikoak izaten jarraitzen dute, Bad Religion, Rancid, Descendents... Aurrekoan ere hor zeuden, baina oraingoan argiago. Ez dugu ezer egin behartuta, dena natural irten da. Lan egiteko modua ere errazagoa izan da, EPa laburra izaterakoan.
Berbetan ere igartzen da aldaketa bat.
Lehenengo lanean aldaketa bat egon zen. Zeker sortu aurreko taldeetan erabiltzen genituen gaietatik irten gura genuen, alor pertsonalagora eramanda. EP honetan, norbanakoaren ikuspuntutik idazten da, baina gizarteari begira, hau da, gizartean eragina duten gaiei buruz berba egiten dugu; adibidez, zelan bizi garen beti erlojuari begira, presagaz. Zure berri izan nahi dut singlea, ostera, pertsonalagoa da. Jende bat zure bizitzatik aldentzen dela aipatzen da, eta jende horren falta igartzen dela. Beste kanta batean, poliziaren errepresioari buruz abesten dugu. Laugarrenean, egunak pantailari begira igarotzen ditugula diogu, eta inguruan egundokoak gertatu arren ez dugula ezertxo ere egiten. Laneko azken abestian laguntasunari abesten diogu; parranda batean inspiratuta dago. Labur esanda, gizartea zelan ikusten dugun da ardatza, gure ustetan zer gertatzen dabilen eta zein larria iruditzen zaigun.
Pozik zaudete lanak izan duen harreragaz?
Lana uda aurretik ateratzea zen gure asmoa, eta lortu genuen. Jendeak esan digunagaitik, lan honek aurrekoak baino hobeto erakusten du nor eta zelakoak garen. Inguruko musikazaleek esan digutenagaitik ere, lan hau borobilagoa iruditu zaie, zekerragoa zelanbait esateko. Gure ustez, inguruan ez dago gurearen moduko soinua duen talderik, eta aurreko lanagaz ere gertatzen zitzaigun hori.
Zuzenean aurkezten zabiltzate orain.
Bai, kontzertu batzuk jo ditugu jada. Nahikoa entseatu dugu eta pozik gaude alde horretatik. Abesti berriak gehitu ditugu zerrendara, eta errepertorio osoago bat dugula esango nuke. Jotzen genituen bertsio biak kendu ditugu, baita abesti zaharren bat ere.
Ahotsenean aurkeztuko dugu, eguenean, hilak 7, 20:20an. Zerbait laburra prestatu dugu, EPko abestiekin eta aurreko diskoko abesti pare bategaz. Durangon kontzertu bat jotzeko dagoen aukera bakarrenetarikoa da Ahotseneakoa. Nahiko tristea da hori.
Aitor Ariñogaz grabatu duzue.
Bai, oso gustura egon gara oraingoan ere, hartu-eman estua dugulako eta berak ere eskua hartu digulako. Konfiantza osoa dugu eta horrek asko laguntzen du.
Pixontxisen garaiko Eztanda abestia ere berreskuratu duzue.
Bai, saio berean grabatu genuen, baina hau geroago kaleratu genuen. Kontzertu askotan jotzen genuen, eta geureganatu egin dugun abesti bat da. Irailean, Elorrioko jaietako eguenagaz batera hamabost urte bete ziren Pixontxisen lehenengo kontzertua eman genuenetik. Aukera polita iruditu zitzaigun abestia kaleratzeko.
Non erosi daiteke Su hartu bitartean?
Durangoko Azokan Musika Zuzeneanen erakusmahaian egongo da, aurreko diskoagaz batera. Autogestioaren aldeko apustua egiten duen leku bat da, guk bezala. Elorrioko Portalekua tabernan ere badago salgai. Bestela, gura duenak gure kontzertuetan erosi dezake; ez gara oso saltzaile onak! (barrez). Egia esan, ez da garairik onena diskoak saltzeko; bost euroan ditugu geureak salgai, eta, batez ere, talde txikientzako ekarpen bat dira, laguntza bat.