“Taldean gaudenok irrikan geunden lehiatzeko eta eskubaloia erregulartasun bategaz bizitzeko"

Joseba Derteano 2023ko aza. 19a, 10:30

Elisabeth Bolinaga Irazuegi (Elorrio, 1979) goi mailako eskubaloi jokalaria izandakoa da. Urte batzuetan Espainiako nazional mailan jokatu zuen, Basauriko talde bategaz. 29 bat urtegaz hartu zuen erretiroa, belauneko lesio bategaitik. Orain, 15 urte geroago, Elorrio Txantxibiri klub berriko jokalaria eta entrenatzailea da.

Zelakoa izan da itzulera? 
Gogo handia nuen eskubaloian jokatzeko. Baina ez nik bakarrik. Taldean gaudenok irrikan geunden lehiatzeko eta eskubaloia erregulartasunez bizitzeko, eta ez noizerik noizera lagunarteko partidu bat jokatu, urtean behin edo. Eskubaloia asko gustatzen zaigu; horregaitik ibili ginen bere sasoian eta horregaitik gabiltza orain.

Jokalari askoren seme-alabek eskubaloian jokatzen dute. Zureak ere bai?
Bai. Durangon bizi naiz eta semeak Jesuitak ikastetxeko haur kategoriako taldean jokatzen du. 13 urte ditu. Ez zegoen mutilen talderik eta senarrak eta biok talde bat ateratzea lortu genuen. Oso ondo dabiltza, gainera. Sei jokalarik Bizkaiko selekzioagaz jokatu dute eta euretariko bik Euskadiko selekzioagaz ere bai. 

Itzuleran, zer da gehien kostatu zaizuna? Dinamikak eta teknika berreskuratzea ala alderdi fisikoa?
Nire kasuan, alderdi fisikoa gehiago kostatu zait. Argaltzen nabil, baina, hala ere, kostatu egiten da. Teknikari dagokionez, entrenamenduak behar dira sasoi bateko erreflexuak lortzeko, baina barruan daramazun zerbait da eta gutxiago kostatzen zait.

Zelan daramazu entrenatzaile lana?
Bere sasoian belauneko lesio bategaitik erretiratu nintzen eta beldur nintzen orain zelan erantzungo ote zidan. Beraz, entrenatzaile izatea proposatu zidaten. Kontua da belaunak ondo erantzun zidala eta orain jokalaria eta entrenatzailea naiz, biak. Semearen taldeko delegatua naizenez, badakit oinarrizko entrenamenduak antolatzen. Baina ez da zerbait itxia, denok proposatzen ditugu ariketak. Esaterako, joan zen astean penalti asko huts egin genituen eta aste honetan alderdi hori landu dugu batez ere.

Orain arte jokaturiko partidu bietan lehiakor aritu zarete.
Bai, ados nago. Nire ustez, oso ondo defendatzen dugu. Erasoan hobetzea falta zaigu. Elkar hobeto ezagutzen joan ahala helduko da hori ere.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!