[BIDEOA]: Eskubaloian aritutako jokalari beteranoak kantxara bueltatu dira Elorrio Txantxibiri klub berriagaz

Joseba Derteano 2023ko aza. 19a, 10:30

28tik 46 urtera arteko hogei bat jokalarik osatzen dute klub berria. Jokalarien hainbat alaba hiru ikastetxek elkarregaz sorturiko Elorrio Kirol Taldean jokatzen dabiltza. 

Eskubaloia biziberritzen ari da Elorrion, bai nagusietan eta baita umeetan ere. Nagusien berpizkundea jokalari ohiei zor zaie. Bere sasoian eskubaloian aritutako hainbatek klub berri bat sortu eta kantxetara bueltatzea erabaki dute, bigarren etapa bat hasteko. Maite duten kirolean elkarregaz gozatzea eta belaunaldi berriak erakartzeko eskubaloia lau haizeetara zabaltzea dute helburu.

Hasierako etapan, Lourdesko ikastetxean eman zituzten lehenengo pausoak. Ostean, Durangon jarraitu zuten lehenengo, eta Elorrio Eskubaloi Taldean ondoren. Talde hura desagertuta dago gaur egun. Batzuek orduan utzi zuten eskubaloia, eta beste batzuek urte gehiagoan jarraitu zuten, beste talde batzuetan. Orain klub berria sortu dute, Elorrio Txantxibiri Eskubaloi Kluba, bigarren etapari ekiteko. Beteranoen taldea da eta aurten beteranoen liga jokatzen hasi dira, beste lau taldegaz batera. Jokalaririk gazteenak 28 urte ditu, eta nagusienak 46. Guztira, 20 jokalarik osatzen dute taldea.

Kontua serio hartu dute eta eguazten arratsaldero batzen dira Elorrioko kiroldegian entrenatzeko. Aurretik, lagunartekoak jokatu dituzte Ermuaren eta Durangoko Ibaizabalen kontra, Elorrion bertan. Ligari begirako prestaketarako ez ezik, beste helburu bat ere bazuten partiduek. "Eskubaloia sustatzea gura genuen, gu jokatzen ikusita beharbada umeak eskubaloia probatzera animatuko zirelakoan", adierazi du taldeko jokalaria den Naiara Ruizek. 

Beteranoen liga martxan da. Dagoeneko partidu bi jokatu dituzte. Elorrioko kiroldegian jokaturiko estreinako partidua 18-23 galdu zuten, Urdulizen kontra. Urdaibairen aurkakoa, ostera, berdinketagaz amaitu zen: 16-16. Gustura daude liga hasieragaz, taldeak "aurpegia eman" duelako partidu bietan eta "oso lehiakor" aritu direlako. Horrez gainera, lehenengo partiduan Elorrioko kiroldegian bizitako giroa azpimarratu du Ruizek: "Harmailak bete egin ziren".

Seme-alabak, jokalari
Elorrion eskubaloiaren berpizkundea umeei ere zor zaie. Herriko hiru ikastetxek martxan ipiniriko Elorrio Kirol Taldeak eskubaloian aritzeko aukera eskaintzen die umeei. Egun, haur kategoriako talde bat dago, 14 bat umegaz, eta aurten LH1 eta LH2 mailetako berria sortu dute. Umeetariko batzuk Elorrio Txantxibiri klubekoen seme-alabak dira; esaterako, Itxasne, Ruizen 11 urteko alaba. "Oso pozgarria da alaba hainbeste maite dudan kirolean aritzea", esan du Ruizek.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!