Elorrioko Pentsiodunek Arartekora joko dute herrian Eguneko Zentro bat behar dutela eskatzeko

Maialen Zuazubiskar 2023ko urr. 16a, 13:00

Elorrioko Pentsiodunen Mugimenduak deituta gaur eguerdian prentsaurrekoa eta elkarretaratzea egin dute plazan. Elorriok Eguneko Zentro bat behar duela aldarrikatu dute, beste behin. Elkarrertaratzean 50 bat lagun batu dira. 

Elorrion Eguneko Zentroaren eskaera aldarrikapen historikoa da. Azken denboretan, hainbat eskari egin dituzte bai herritarrek baita udalak ere. Esaterako, duela bi urte ezgaitasun maila ezberdina duten pertsonentzat Eguneko Zentroa irekitzeko sinadurak batzen hasi ziren, eta 1.155 sinadura batu zituzten. 

Ostean, Aldundiak horrela eskatuta CPS ikerketa-enpresak txosten bat egin zuen, eta bertan honakoa ageri da: "Bizkaian 65 urtetik gorako 1.700 biztanle baino gehiago dituzten 25 herri daude eta euretako bitan bakarrik ez dago eguneko zentrorik: Elorrion eta Sopelan. Elorrion 60 urtetik gorako 2345 herritar daude, 70 urtetik gorako 1352, 80 urtetik gorako 785 eta 90 urtetik gorako 140.  Gainera, txostenean ageri da bigarren edo hirugarren graduko ezgaitasun maila duten 128 daudela. Beraz, datuak argi baino argiagoak dira, Eguneko Zentroaren premia baieztatzen du honek", azaldu dute pentsiodunek. 

Duela aste batzuk, berriz, Elorrioko Udaleko ordezkariak Aldundiko kideegaz batu ziren, eta "berriz ere ezezko borobila eman diote Eguneko Zentroari", gehitu dute. Hori horrela, Elorrioko Pentsiodunek Arartekora joko dutela jakitera eman dute eta Elorrion Eguneko Zentro bat izan arte kalean egongo direla. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!