Bizkaiko Foru Aldundiak ezetz esan dio Elorrion Eguneko Zentroa egiteari

Maialen Zuazubiskar 2023ko ira. 20a, 11:48

Elorrioko Udala Bizkaiko Foru Aldundiagaz batzartu da asteon. Udaleko ordezkariek Elorrion Eguneko Zentro bat egiteko eskatu diote Aldundiari. 

Elorrion Eguneko Zentroaren eskaera aldarrikapen historikoa da. Azken denboretan, hainbat eskari egin dituzte bai herritarrek baita udalak ere. Eta azkenengoa aste honetakoa izan da, Julene Lazkano alkatea eta Maria Herrero zinegotiza Amaia Antxustegi Gizarte Ekintzako diputatu berriagaz bildu dira.

Elorrioko Udaleko kideek eskaera berriro egin eta proiektua Foru Aldundiaren 2024ko aurrekontuetan jasota geratzeko eskatu diote. Baina udaletik jakitera eman dutenez, erantzuna ezezkoa izan da. "Diputatuak ez du zerbitzu hori Elorrion eskaintzea aurreikusten; udalerriak ez du izango Aldundiaren finantzaketa, epe ertain-luzera, gutxienez. Diputatuak azekn urteotako argudioei eutsi die: zerbitzua Durangon bermatuta dago, eta beraz, Aldundiak bere eskumena betetzen du", azaldu dute Elorrioko Udaletik.

Hala ere, Elorrioko Udaleko ordezkariek lanean jarraituko dutela, gaineratu dute. "Mendekotasuna duten pertsonek egunero, etxetik gertu, kalitatezko zerbitzu duina jaso dezaten". 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!