Asko hausnarturiko erabakia izan zen abeltzain bihurtzea?
Aitak betidanik izan ditu zaldiak, eta niri beti gustatu zaizkit behiak, animaliak orokorrean. Bada, aitak 13 zaldi eman zizkidan eta 8 behi erosi. Halaxe hasi nintzen apurka, orain 30 urte. Arkautiko Nekazaritza eskolan ikasi nuen, eta beka bategaz Frantziara joan nintzen. Geroago injeniaritza egin nuen.
Emakumea izanda, gatxago izan duzu? Zeintzuk traba topatu dituzu?
Nekazaritza-ganberan ez nuen trabarik izan. Baina hasieran ez zen erraza izan nire lekua hartzea. Esplotazioaren jabea, abeltzaina, neu naizela argitu behar izan dut askotan. Beti pentsatu izan dute gizon baten sostengua dudala. Denboragaz aldatzen joan da pentsakera hori. Neuk jardun dut abeltzain modura, nahiz eta aitak lagundu egin didan. Aita jubilatuta dago dagoeneko.
Bilbokoa izanik, zein izan da zure lotura abeltzaintzagaz?
Betidanik izan dut lotura nekazaritza munduagaz. Aitak lurrak erosi zituen Elorrion, Igurian. Baserria altxatu zuen eta txikitatik etorri gara zaldiak zaintzera.
Zenbat abelburu dituzu?
Guztira, 75 inguru. Oizen daude gehienak, urte osoan. Gutxi batzuk ditut Elorrion. Urkaiko kooperatibagaz merkaturatzen dut okela, eta bost urtetik hona ekologikoan lan egiten dut. Abelburuak kanpoan izaten ditut ahalik eta denborarik gehien, eta elurra egiten duenean bazka ekologikoa ematen diet. Ez dut belar-pozoirik erabiltzen. Sasia gehiagotan kendu behar denez, lan gehiago egin behar da, baina merezi du.
'Ganaderas en red' elkarteko kide zara. Garrantzitsua da saretzea?
Bai. Norberak egindako lana partekatzea garrantzitsua da, bidea egiten hasi direnentzat adibidez. Gainera, ondo dago elkar babestea, sostengatzea, edozein arazori aurre egiteko. Emakumea izan da beti ganaduari jaten eman diona, senarra lantokian edo mendian egon delako, baina lan hori ez da inoiz ikusi. Orain badaude emakumeak esplotazioaren jabe direnak eta horretan lan egiten dutenak.
Badator belaunaldi berririk atzetik?
Badaude gogo handiz datozen gazteak, baina administrazioaren laguntza handiagoa behar da. Esplotazio bat martxan ipintzeko, inbertsio garrantzitsu bat egin behar da hasieran. Horregaitik, gazteei apurka hastea gomendatuko nieke. Bokaziozko ogibidea da gurea. Denbora asko eskaini behar zaio, urtean 365 egunetan. Dena dela, niri gauza asko ematen dizkit.