Ferixa Nausikoak

Elorrioko Ferixa Nausikoak Euskal Herriko baserritarren eta artisauen erakusleiho izango dira domekan

Jone Guenetxea 2023ko ira. 3a, 10:00

Elorrioko jaiei izena ematen dien azoka datorren irailaren 3rako antolatu dute. Ferixa Nausikoa ohiko hitzordua izaten da Durangaldeko zein kanpotik etorritako baserritar eta artisauen uzta ikusi eta baita erosteko ere. Baserriko ortuarien eta ekoizleen 46 postu ipiniko dituztela aurreratu dute udal arduradunek. Abeltzaintzari dagokionez, 21 postu ipiniko dituzte: behiak, behorrak, astoak, ahuntzak, ardiak... Bestalde, ardi moztaile erakustaldia ere egingo dute.

Artisauek ere presentzia handia izaten dute azokan. Aurten 20 postu izango dira: bitxiak, osagarriak eta beste hainbat produktu egongo dira salgai.

Jan-edana ere ez da faltako. Taloen txosna bi egongo dira bertaratzen direnen gozamenerako. Eta El Despiste txarangak giroa alaituko du. Goizean, Elorrioko txistulariak kalejiran irtengo dira.

Eguneko egitaraua
Azokaz gainera, jaietako lehenengo asteburuan askotariko ekintzez gozatzeko aukera izango da, eta Elenek eta Maddik kontzertua emango dute Txosnagunean, domekan,13:00etan. Eta, arratsaldean, umeen danborradak Elorrioko plaza beteko du.

Pilota eta pala partiduak ere antolatu dituzte, 19:00etarako, kiroldegian. Hori-hori pilota kluba izango da antolatzailea.

Xabi Aburruzagaren kontzertua 19:30ean izango da, plazan. 20:00etan, afaria egingo dute Anbotoperen eskutik. Txosnagunean.

Urtero arrakasta itzela izaten duen ekitaldietariko bat suzko zezenarena izaten da. Aurten ere gazteak eta helduak plazan batuko dira txinpartak darien zezenaren inguruan korrika egiteko. 22:15erako ipini dute hitzordua, plazan. Irailaren 4an, 8an eta 9an ipiniko dute martxan suzko zezena. 

Azoka eguna behar den moduan amaitzeko, Correfoc Drakonia ibiltaria arituko da Elorrioko kaleetan, 22:30ean hasita.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!