Ferixa Nausikoak

"Abestea arimarentzat terapia egiteko modu zoragarri bat da"

Anboto 2023ko ira. 1a, 10:00

Susana Rupérez Díez Elorrioko Berrio-Otxoa Abesbatzako kidea da. Erdella Mendi Taldeagaz batera txupinazoa jaurtiko dute bihar. Elkarteak 50 urte egin ditu aurten, eta ibilbide hori gogora ekarriko dute jaietan.

Zelan hartu duzue txupinazoa jaurtitzeko albistea?
Itxaso Basauri zinegotziak deitu zigun eta esan zigun jai batzordean erabaki hori hartu zutela. Kontua da udaleko Kultur Sailean proposamena egin genuela elkartearen 50. urtea dela-eta egitarau berezi bat antolatzeko. Erdellak ere 50 urte bete ditu eta elkarregaz botako dugu txupinazoa. Ohore handia da guretzat. Ez da hainbeste txupina botatzeagaitik, 50 urte egiteagaitik baino. Bizkaiko eta Euskal Herriko beste hainbat abesbatzak ezin dute berdina esan. Koruak zahartzen ari dira eta intentsitate handia galdu dugu. Abesbatzen mugimenduak indarra galdu du. Erdi profesionalak diren abesbatzak geratzen dira. Baina gurearen moduko abesbatza amateurra, fundizioko langile bat zein etxean lan egiten duen beste pertsona bat batzen dituena? Oso gutxi geratzen gara.

Noiz hasi zinen orfeoian abesten?
Orain dela 17 urte hasi nintzen eta gazteenetarikoa naiz. Fitxaje onak ditugu. Sasoi hartan zuzendaritzakoen eta koruko abeslari baten oso laguna nintzen eta animatzeko esan zidaten, banekiela musika apur bat. 

Merezi du parte hartzea, ezta?
Zoragarria da. Urte askoan egin dudan ekintzarik onena da. Lagun talde bat gara. Ondo konpontzen gara eta elkarlanean aritzeko gai gara.

Abesbatza batean parte hartzea ez da abestea bakarrik.
Konpartitzea ere bada. Entseguetan barre asko egiten dugu. Lan ere egiten dugu, kasu askotan astean birritan entseatzen dugu. Lan egin behar da eta umorez daramagu. Arraroa da abesbatzan hasten denak uztea. Bakoitzak bere lekua aurkitzen du. Oso harrera ona egiten dugu, gutxi gara eta. 

Zuri zer ematen dizu abesbatzak?
Abestea arimarentzat terapia egiteko modu zoragarri bat da. Musika ihesbide bat da. Musikoterapiarena uste dut egia dela. Pertsona nagusiak elikatu egiten ditu eta memoria estimulatzen du, abestiak ikasi egin behar dira eta. Ekintza ederra dela uste dut.

Non entseatzen duzue?
Udalak utzitako lokal batean batzen gara, Aldatsekuan. Azkenengo solairua guretzat daukagu. Egun batean emakumeak batzen gara, beste batean gizonak, egun batean edo bitan. Gure kontzertuen agenda zenbat eta beteago egon, orduan eta entsegu gehiago egiten dugu.

Zein da lan gehien duzuen sasoia?
Udaberrirako kontzerturen bat prestatzen dugu. Berrio-Otxoa Egunean kontzertu garrantzitsu bat egiten dugu. Udan atseden hartzen dugu eta urte batzuetan Errebonbiloetan txistulariekin abestu izan dugu. Santa Zezilia bueltan kontzertua egiten dugu eta bi edo hiru urterik behin kanpoko koruren bategaz kolaboratzen dugu. Eta, jakina, Gabonetan ere abesten dugu. Kontzertu inportante bat egiten dugu, edo, bestela, kalejira. Azken urteetan fanfarreagaz kolaboratzen ari gara kalejira egiten. 

Zenbat pertsona zabiltzate Berrio-Otxoa abesbatzan?
24 pertsonak parte hartzen dugu abesbatzan. 

Zer esango zenioke apuntatzeko zalantzan dagoenari?
Etorri dadila eta probatu dezala. Hasieran kostatu egiten da, baina egun pare bat daramatzazunean ez duzu hemendik alde egingo, jendea oso atsegina delako.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!