Aurten herriko jaiei hasiera emango dien txupina jaurtiko duzue. Zer suposatzen du horrek zuentzat?
Alain Bravo: Sari bat lez hartu dugu. Hainbeste denboran Elorriorentzat eta elorriarrentzat ekintzak antolatzen ibili eta gero, gutaz gogoratu dira eta aukera hau ematea oso polita da. Maiatzean urteurren jaia ospatu genuen eta ia 200 lagunek parte hartu genuen bertan. Herrian errotuta dagoen taldea da Erdella, baina baliteke oraindino ezagutzen ez duen jende bat egotea. Beraz, jaietakoa aukera polita izan daiteke elkartea ezagutarazteko.
Taldeak 50 urten bete ditu. Erraz esaten da.
Edu De La Cruz: Erraz esaten da, bai, baina 50 urtez egon egin behar da eta ekintzak antolatu egin behar dira. Baina, bai, 50 urteren ondoren Erdella hemen dago eta ea beste horrenbeste urtean jarraitzen duen taldeak. Gainera, gure helburu nagusietariko bat taldera jende berria batzea da. Taldera batzen den jendeak haize berria ekartzen du beti, ideia berriak. Beraz, horiek guztiek zabalik dituzte gure ateak.
Ferixa Nausikoekin, txupinazoagaz eta irailean urtero egiten duzuen Elorrioko Biragaz ondo beteta duzue iraila.
E. D. L. C.: Bai, eta aurten oraindino beteago izango dugu. Urtero Elorrioko Bira antolatzen dugu iraileko azkenengo domekarako, eta aurten mendiko lasterketa ere antolatu dugu aurreko egunerako.
A.B.: Lasterketa hau edozeinentzat da, baina, batez ere, gazteei zuzenduta dago. Honegaz, gazteak mendizaletasunera eta Erdellara hurbiltzea gura dugu.
Zer dela eta erabaki duzue mendi lasterketa bat antolatzea?
E. D. L. C.: Herriko gazte batzuk etorri zitzaizkigun eta proposamen bat zutela esan ziguten. Elorrion mendi lasterketa bat egin genezakeela esan ziguten eta antolatzeko prest geundela esan genien, baina beti ere euren laguntzagaz. Baietz esan ziguten eta hor daude, lan asko egiten.
A.B.: Gogotsu dabiltza eta hori pozgarria da. Lehen esan dugun lez, jende berriak indartu egiten du taldea eta hori garrantzitsua da.
Iraileko azken asteburu hori ekimenez beterikoa izango dela aurreikusten dugu. Familiakoekin asteburu ederra pasatzeko aukera ezin hobea egongo da Elorrion. Jendea zapatuan etortzea gura dugu, eta mendi lasterketan parte hartu eta gero eguna bertan pasatzea eta bertako komertzio eta tabernetan ibiltzea. Eta domekan familian Elorrioko Bira lasai-lasai egitea. Ziur gaude giro paregabea izango dugula herrian.
Taldearen helburuak aldatu egin dira hasierako urteetatik hona?
A.B.: Helburuak berberak dira, baina ohiturak eta ekintzak aldatzen doaz. Esaterako, ni orain 20 bat urte sartu nintzen Erdellan. Sasoi hartan, aukera bakarra nuen Pirinioetara joateko: Erdellagaz joatea. Ez neukan kotxerik edo furgonetarik joateko. Baina orain gauzak asko aldatuta daude. Gazte askok 18 urtegaz erosten dute furgoneta eta horrek aukera ematen die euren asteburuak antolatzeko. Orduan, guri ere egoera horretara egokitzea tokatzen zaigu.
Zelan egokitu zarete horretara?
A.B.: Lehen, asteburu osoko ekintza dezente egiten genuen. Baina denboragaz ikusi dugu jendeak errazago ematen duela izena egun bakarreko ekintzetarako, asteburu osokoetarako baino. Beraz, orain egun bakarreko ekintza gehiago antolatzen gabiltza. Mendi lasterketak antolatzea ere garai berrietara egokitzeko beste modu bat da. Gaur egun, jende gazte asko dabil mendi lasterketen munduan eta horiek antolatzea ere garai berrietara egokitzea da.
Erdellak elorriarrak behar ditu, baina Elorriok ere behar du Erdella.
A.B.: Jakina. Guk behar beharrezko ditugu elorriarrak, eta egun Elorrioko herritarren ia %10 dira gure bazkide. Hau da, Elorrioko ia 1.000 bazkide ditugu. Baita Elorriotik kanpoko batzuk ere. Zifra horiek oso onak dira mendi talde baterako eta oso pozik gaude alde horretatik. Baina, jakina, bazkide berri gehiagorengana heltzea da gure asmoa.
Oraindino Erdellako bazkide ez den bati zer esango zeniokete bazkide egiteko?
A.B.: Taldeko giroa ezin hobea dela, giro aparta daukagula denon artean eta oso ekintza politak egiten ditugula. Familia giroa dugu eta, gainera, ez gara profesionalak. Maila guztietara egokitzen gara eta gure ekintzak moldatu egiten ditugu, jendearen arabera. Beraz, beldurrik ez izateko eta gure taldera batzeko deia egiten diegu herritarrei.
Beste ezer gehitu gura duzue?
E. D. L. C.: Mendi lasterketarako boluntarioak behar ditugula iraileko asteburu horretarako; bai mendi lasterketarako eta baita Birarako ere. Eta, jakina, laguntzen digutenek euren saritxoa izango dute.