ANBOTOk, anonimotasun hori gordeta, boluntario bat elkarrizketatu du. Honela kontatu du bere esperientzia. “Orain hiru urte, pandemian, antzera bateko boluntario lanak egiten hasi nintzen. Nagusilan elkarteak Hilo de Plata izeneko zerbitzua dauka, gura bako bakardadean daudenei telefono bidez konpainia egiteko zerbitzua. Bertan hasi nintzen boluntario lez, eta Elorrion Herrizaintza martxan ipini zutenean zerbitzuan izena ematea erabaki nuen”, azaldu du. Esperientzia "positiboa" izan da boluntario elorriar honena. "Herriko bizilagun bati eguaztenero deitzen diot. Elkarrizketa bat izaten dugu telefonoz, konpainia egiten diot. Eta berak, zelanbait, laguna duen ahots bat, konpainia bat, topatzen du telefonoaren beste aldean. Pertsona horrentzat egundokoa da jakitea zuk egun eta ordu zehatz horretan deituko diozula. Ahotsean bertan igartzen diozu deia itxaroten egon dela. Berriketan dagoela, zugaz berba egiteko gogotsu dagoela igartzen diozu. Bakarrik dagoen batentzat, errutina tristea daukan batentzat, izugarria da horrelako dei batek izan dezakeen eragina", gaineratu du.
Boluntario egiteko deia
"Lehenengo elkarrizketak igarota, beste era bateko gai batzuk lantzen dituzu telefonoz. Zer kozinatzea gustatzen zaion, errezeta zehatz bat zelan prestatzen duen, bere jaioterria zelakoa zen... Boluntarioak elkarrizketarako gaiak bilatu behar ditu. Egia esan, oso esker oneko lana da, benetan aberasgarria", azaldu du boluntario anonimoak. Eta bere esperientzian oinarrituta, gainerako elorriarrak deitu ditu zerbitzuan izena eman eta boluntario egitera: "Boluntario lan honetarako eta beste lan boluntarioetarako. Bai, dudarik barik. Zerbitzuan izena ematera animatuko nituzke herritarrak. Hartzen duzun ardura ez da hainbesterako, eta trukean jasotzen duzuna oso-oso aberasgarria eta esker onekoa da", amaitu du.
Herrizaintza proiektuagaz hartu-emanetan ipini gura duenak zein boluntario lez inskribatu gura duenak honako bide hauek ditu: 688 655 461 telefonoa eta herrizaintza@elorrio.eus helbide elektronikoa.