“Auzolanaren kultura errepide bat konpontzera edo herri bazkari bat antolatzera mugatu barik, zaintzara ere zabaldu behar dugu”

Ekaitz Herrera 2023ko eka. 16a, 09:30

Iker Pinilla Pérez (Berriz, 1983) Elorrioko Herrizaintza proiektuaren koordinatzailea da. Agintzari kooperatibarentzat lan egiten du eta honako hau da bere eginkizun nagusia: gura bako bakardadean bizi diren elorriarrak modu komunitarioan zaintzeko dinamikak sustatzea. Bide horretan eragiteko asmoz, Elorrioko Udalak Herrizaintza proiektua ipini zuen martxan iaz. Ordutik hona, Pinilla eta herriko boluntario sare bat telefono bidezko arreta eskaintzen ibili dira, bakardadean bizi direnekin entzute aktiboa egiten eta elkar zaintzearen kultura sustatzen. Aurrerantzean ere proiektuagaz jarraituko dute.

Urtebete pasatxo igaro da Herrizaintza proiektuari ekin zeniotenetik. Zelako bilakaera izan du proiektuak? 
Positiboa. Helburuetariko bat kontzientzia sortzea izan da, herritarrak eta komunitatea sentsibilizatzea. Alde horretatik, proiektuan esku hartzen duten hiru ardatzak batzea lortu dugu. Batetik, herrizainak daude, bizilagunen bat gura bako bakardadean egon daitekeela detektatzen dutenak. Osasun etxeko erizainak, botikariak, udaltzainak, dendariak, auzo alkateak eta herritar batzuk daude horien artean. Bestetik, talde motorea dago. Gizarte Saileko zinegotzia, gizarte teknikaria eta ni neu gaude hor. Herrizainek guri jakinarazten digute herritarren bat gura bako bakardadean dagoen. Azkenik, boluntarioak daude. Hauek dira zerbitzua aurrera eramaten dutenak. Bakardadean daudenekin hartu-emanetan ipintzen dira astean behin, telefonoz. Euren eginkizuna bakardade egoera leuntzea, beharrizanak identifikatzea eta lan prebentibo bat egitea da. Bakardadean daudenak integratzen lagundu dezakete. Eta telefono deiotan zerbait adierazgarria, larria, identifikatzen badute, guk gizarte zerbitzuetara bideratu dezakegu auzia. 

Zelakoak izaten dira boluntarioen eta erabiltzaileen arteko hartu-emanak? 
Boluntario bakoitzak bere erabiltzailea dauka. Astero-astero telefono bidezko elkarrizketa bat izaten dute. Oso inportantea da telefono deia noiz eta zein ordutan egin behar duten zehaztea boluntarioei, bakardade egoeran dauden pertsonak momentu hori itxaroten egoten direlako. Deia behar den moduan egiten ez bada, bakardadean dagoenari antsietate bat sortu dakioke. Momentu honetan 9 boluntario ditugu. Herrizain edo detekziorako kide modura 25 daude. 

Boluntarioek eta erabiltzaileek ez dute elkar ezagutzen. 
Hartu-eman anonimoa daukate, bakardadean bizi denak baten bategaz egoteko dependentzia izan dezake eta. Erabiltzaileek boluntarioa ezagutu gura izateko gogoa agertu dute inoiz, baina oraingoz ez dugu horretarako erabakirik hartu. Boluntarioak ere zaindu behar ditugu. 

Zelakoak izaten dira telefono elkarrizketak?
Erabiltzaileei buruzko datu gutxi batzuk ematen dizkiegu boluntarioei. Haien urtebetetze eguna zein den, non jaio diren, zein afizio duten, zer kozinatzea gustatzen zaien, mendirako zaletasuna ote duten... Horrelako kontuak jakinarazten dizkiegu. Gero, hari horietatik tiraka egiten dituzte telefono deiak. Badugu adibide esanguratsu bat. Gogoan daukat erabiltzaileetariko batek baiezkoagaz edo ezezkoagaz baino ez ziela erantzuten galderei. Pertsona hori depresioak jota zegoen, ez zen etxetik irteten. Eta gaur egun bestelakoa da kontua. Guk boluntarioari jakinarazitako hiru-lau datuei eskerrak, erabiltzaile horrek eta boluntarioak mendiari buruzko elkarrizketa ugari izaten dute, herrian gertatzen diren gauzei buruzko kontu ugari kontatzen diote elkarri. Oso-oso bestelako jarrera bat dauka. Erabiltzailearen semeak berak komunikatu digu egundoko aldaketa igarri duela gurasoarengan. Kontatu dudan hau kasu anekdotikoa da, baina ondo islatzen du zerbitzuaren funtsa.

Kontabilizatu duzue daturik? Zenbat dira gura bako bakardadean bizi diren elorriarrak?
Gai honi heltzeko beharrizana agerian geratu zen pandemian. Hori dela eta, Elorrioko Udalak beharrizan sozialen diagnostiko bat egiten du etxerik etxe, urtero. Datu horien arabera, Elorrion 118 dira 80 urte baino gehiago izan eta bakarrik bizi direnak. Kasu batzuetan zaintza lanez arduratzen diren langileren bategaz bizi dira. 

Zeintzuk dira haien ezaugarri eta profil nagusiak?
Ezaugarri nagusia da pertsona adinduak direla. Kasu batzuetan, familiako kideak herritik joan eta bakarrik geratu diren herritarrak daude. Badaude mugikortasun kontuengaitik kalera irteteko zailtasunak dituztenak. Dena dela, azpimarratu gura dut bakardadea ez dela adinduen kontu bat. Adin tarte guztietan ematen da. Emakume migratzaileak ere badira errealitate horren zati. Adibidez, 28 urteko emakume migratzaile bategaz esku hartzen dugu. Seme-alabak jatorri herrialdean ditu eta inklusioa lantzen dugu beragaz. Ekintzetan parte hartzen du, taldeetan. Bestalde, teknologia berriek, gailu elektronikoek, indibidualismoak,... horiek gura bako bakardadea sortzen diete askori. Gazteekin ere lan egin izan dut, eta gazteengan geroago eta bakardade kasu gehiago dagoela ikusten dut. Mundu birtualean egonda, ez daukate mundu fisikoak ematen duen gertutasun hori, gozotasun hori, momentuko feedback hori.

Herrizaintza proiektuak zelan lagundu dezake gai horretan?   
Gaur egungo gizartea indibidualismorantz doa. Digitalizazioa bolo-bolo dabil. Baina proiektu honek komunitatea aktibatzea du helburu. Auzolanak ez du zertan errepideak konpontzera edo jaietako herri bazkaria antolatzera mugatu. Zaintza ere auzolanean egin daiteke. Lehen, gurasoek gu non utzi ez zekitenean, auzokoarenean uzten gintuzten. Alde horretatik, Elorrioko Udalak helburu hori dauka, komunitatea eta zaintza aktibatzea, gertutasun horregaz errazagoa delako dena. Alde horretatik, udala proiektu honen gainean dagoela ikusten dut. 

Zelako ezaugarriak dituzte boluntarioek?
Osasun langileak izandakoak, enpresaburuak, irakasle izandakoak, jubilatuak, ditugu boluntarioen artean. Modu batera edo bestera, bakardadeagaz sentsibilizaturiko herritarrak dira, herriko komunitateetan aktibitate handia dutenak. Egundoko inplikazioa dute. Ia guztiak emakumeak dira. Beti gertatzen den moduan, hemen ere emakumea eta zaintza lotuta ageri zaizkigu. Datozen urteetan hori aldatzea gura nuke.

Hain zuzen ere, mugimendu feministak zaintza erdigunean ipintzeko dinamikari ekin dio. Bat zatoz bide horregaz?
Bai, guztiz. Komunitatea aktibatzearen alde nago. Herritarrengaitik arduratuta ez dagoen herri batek atxikimendua galduko du bestela. Gertukoa zaindu behar dugu, azken finean horretarako gatoz-eta bizitza honetara, elkar zaintzera. Baten batek gu zaintzen gaituen eran, guri ere ondokoa zaintzea dagokigulako. Mentalitate indibidualista barik, herritarrek elkarregaz konektatu eta mentalitate komunitarioa sustatu behar dugu. Sare soziala, baina digitala barik, fisikoa.  

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!