Gu Ta Gutarrak

[BIDEOA] Betsaide Elorrio Euskal Ligako finalera sailkatu da DRTren kontrako derbi orekatuan

Anboto 2023ko mai. 6a, 22:07

Etxekoak 38-22 nagusitu dira.

Betsaide Elorriok Euskal Ligako finala jokatuko du gaur Durango Rugby Taldea 38-22 menderatu ostean. DRTk bere aldetik, joanekoan 20 puntugatik galduta, derbi bat irabaziz agurtu gura zuen denboraldia. Ez du lortu baina aukerak izan ditu azken txanpara arte. Elorrioko errugbi zelaia lepo bete da eskualdeko bi taldeen itzulerako neurketa ikusteko. Elorriok ligako partidu guztiak irabazita lortu du finalerako sailkatzea.

Nagusien partiduaren aurretik, 18 urtez azpiko Cumenor Elorriok Euskal Ligako finalerdietako joaneko neurketa jokatu du Hernaniren kontra. Gipuzkoarrak gehiago izan dira eta 0-41 irabazi dute.

DRTko emakumeen taldea, finalera

Elorriokoa ez da izan gaurko hitzordu garrantzitsu bakarra eskualdeko errugbian. Emakumeetan, Durango Rugby Taldeak Euskal Ligako finalera sailkatzea lortu du Bilbon. Etxean puntu bigatik nagusitu zen (28-26) eta kanpoan 0-7 irabazi du gaur arratsaldean Universidad Bilbao taldearen kontra.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!