DRT eta Elorrio Euskal Ligako finalera sailkatzeko lehiatuko dira gizonen derbian; beste hainbeste lortu dezake DRTk emakumeetan

Anboto 2023ko mai. 5a, 12:00

DRT eta Elorrio joaneko partiduan, Arripausuetan (Argazkia: Pedro Moreno)

Errugbiko Euskal Liga azken txanpan sartuta dago eta eskualdeko taldeak protagonista dira, bai gizonetan eta baita emakumeetan ere. Kasu bietan finalera sailkatzeko atarian daude etxeko taldeak. 

Gizonen kasua berezia da, finalerdietako kanporaketako talde biak eskualdekoak direlako: Durango Rugby Taldea eta Betsaide Elorrio. Joaneko neurketan elorriarrak nagusitu ziren, Durangon: 34-54. Partidu zoroa izan zen, erritmo handikoa. Hasieran, DRT 10-0 aurreratu zen markagailuan, baina, apurka-apurka, Betsaide Elorriok neurria hartu zion partiduari eta abantaila polita lortu zuen itzuliko neurketari begira.

Bueltako partidua zapatu honetan izango da, 17:30ean. Betsaide Elorrio finalera sailkatzeko faboritoa da, 20 puntuko abantaila duelako, baina Kemen Goitiandia entrenatzailea ez da fidatzen. "Denboraldi osoan partidurik partidu joan gara, burua hurrengo partiduan bakarrik ipinita, eta orain ere berdina egingo dugu. Dena eman behar dugu sailkatzeko". Dani Rodríguez DRTko entrenatzaileak aldats gora ikusten du sailkapena. "Oso gatx dago. Hondamendi bat gertatu beharko litzakete aurkarien taldean", adierazi du. Baina ez dio aterik ixten esperantzari. "Sekula ere ez da jakiten, eta sorpresa ematen ahaleginduko gara", gaineratu du.

Orain arteko bidea
Betsaide Elorrio denboraldi bikaina osatuta heldu da finalerdietara. Liga erregularrean jokaturiko hamar partiduak irabazi ditu. Eta aurtengo errendimendua ez da salbuespena. Iaz ere Euskal Ligako finalera heldu ziren. Bestalde, DRTk denboraldi amaiera ezin hobe bati eskerrak lortu du aurtengo sailkapena: azkenengo hiru partiduak jarraian irabazi zituen.

Bihar Elorrion biziko den errugbi festa beste neurketa batek borobilduko du. Nagusien partiduaren aurretik, 16:00etan, 18 urtez azpiko Cumenor Elorriok Euskal Ligako finalerdietako joaneko partidua jokatuko du, Hernaniren kontra. Itzulikoa maiatzaren 13an izango da.

DRTko neskak, Bilbon
DRTko emakumeen taldeak bigarren urtez jarraian jokatu dezake Euskal Ligako finala. Iaz bigarren mailakoa jokatu, irabazi eta lehenengo mailara igo ziren. Aurten beste denboraldi bikain bat osatzen ari dira. 

Finalerdietako joanekoan, 28-26 menderatu zuten Universidad Bilbao taldea Arripausuetan jokaturiko partiduan. Eta adi datu honi: jokalari faltagaitik, 14 jokalarigaz aritu ziren partidu osoan, hau da, bat gutxiagogaz. Baina hitzorduaren garrantziak, jokalari faltaren eragozpenak nahiz harmailetako giroak eragindako urduritasunak, kokildu barik, hauspotu egin zituen durangarrak, eta meritu handiko garaipena lortu zuten. Naroa Azpitartek hiru entsegu lortu zituen, eta Izaro Rementeriak beste bat. Bueltako partidua zapatuan jokatuko dute, 17:00etan, Bilbon, Rekalde kirolguneko zelaian. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!