Elorriok eta Alaves Bk Euskal Ligan gaur egun ikusi daitekeen futbol partidurik erakargarrienetakoa jokatuko dute zapatuan, 16:00etan, Eleizalde futbol zelaian. Sailkapeneko liderra hirugarrenaren kontra. Golik gehien sartu duen Alaves (87) eta golik gutxien jaso duen Elorrio (19), aurrez aurre. Talde bien artean dagoen sei puntuko aldea hiruan geratu daiteke zortzi jardunaldiren faltan. Hitzordu garrantzitsu horren aurrean, klubak zaleen laguntza eskatu du sare sozialetan. Eleizalde kamiseta hori-beltzez bete gura dute. "Biharko deialdi zuzena. Denok Eleizalde bete dezagun. Behar zaituztegu", idatzi dute.
Elorriok Eibarren kontra jasan zuen azken porrota. Harrezkero jokatutako sei partiduetatik bost irabazi ditu, euretako gehienak gol festagaz, gainera: 25 gol guztira. Aipatzeko da Itsasne Larruskain aurrelariak hiru hat-trick lortu dituela denbora tarte horretan. Bera da Euskal Ligako pitxitxia une honetan: 22 gol 26 jardunalditan. Oraintsu, Cantera Deportiva kirol-aldizkariak ematen duen Urrezko Baloia jaso du aurrelari abadiñarrak.
Nerea Gonzalez aurrelaria ere sasoian dago eta hiru gol sartu ditu azken partidu bietan.