Gol asko sartu, gutxi jaso, dinamika irabazlea, giro ona taldean… Gozatzeko moduko denboraldia izaten ari da Elorrioko emakumeen talde nagusiarentzat. Hamahiru jardunaldiren faltan, Euskal Ligako hirugarren tokian dago eta ez dio gorago egoteari muzinik egiten.
Estatistikak Elorrioren bide onaren isla dira. Azarotik hona jokaturiko 11 partiduetatik 9 irabazi dituzte eta bat berdindu. Liga osoan partidu bitan baino ez dira geratu golik sartu barik, eta euren atea hamabi bider geratu da hutsean.
Erasoko jokoari dagokionez, golik gehien sartu duen ligako hirugarren taldea da: 48, partiduko bi baino gehiago, batez beste. Golen erdiak baino gehiago Itsasne Larruskain —15 gol— eta Laura Romero —11 gol— aurrelarien artean sartu dituzte. Larruskain (Abadiño, 1992) Euskal Ligako bigarren golegilerik onena da. Elorrion egin du orain arte bere futbol ibilbide osoa eta 2009/2010 denboralditik lehenengo taldean dabil. Romero (Abadiño, 1998), ostera, Arratia taldetik etorri da aurten. Oro har, aurten taldera batu diren guztiak ekarpen "handia" egiten dabiltzala nabarmendu du Gontzal Arana entrenatzaileak.
Defentsa lanean ez du parekorik Elorriok. Ligan golik gutxien hartu duen taldea da: 16. Taldeko atezain biak, Olatz Alberdi eta Izar Zubiaga, golik gutxien hartu dutenen zerrendan goi-goian daude. Alberdi ligako 'Zamora' da une honetan, bederatzi partidutan lau gol hartuta. Sendotasuna da taldearen dohainik "inportanteena", Aranaren ustez. "Ligako talderik sendoena eta irmoena garela uste dut", dio eta arlo horretan jokalari guztiek egiten duten lana azpimarratu du.
Euskal Ligatik talde bat igoko da. Elorriok Alaves B eta Getxoko Bizkerre ahaltsuak ditu aurretik. Gasteiztarrek talentu handia dute, filialeko talde denen antzera. "Azken batean, Arabako selekzio bat dira", dio Aranak. Bizkerrek, bestalde, ia 300 fitxa ditu emakumeetan: hau da, sekulako harrobia. Inora begiratzekotan "gorantza" begiratu behar dutela uste du Aranak, gutxienez bigarren postura, baina jakitun "ia ezinezko" dela lehenengora heltzea: "Edozelan ere, Elorrioren moduko herri txiki batentzat Euskal Ligan hirugarren geratzea meritu handiko denboraldia egitea litzateke".