ARGINDARRA

“Ez dugu argindarraren igoerak baldintzaturiko negoziorik egin gura”

Anboto 2022ko aza. 25a, 11:30

Amaia Salazar Bilbao (Elorrio, 1982) Nukleo ile-apaindegiko arduraduna da. Zerbitzuen prezioak igotzea beste erremediorik ez dutela izango aurreikusten du.

Zelan daramatzazue argindarraren gorabeherak?
Egia esan, txarto. Prezioak ez igotzen ahalegintzen gabiltza, baina igo beharko ditugula aurreikusten dugu, bestela ezingo dugu-eta aurrera egin. Izurri garaian prezioak igo genituen, batez ere behin erabili eta botatzeko produktuak ordaindu ahal izateko. Joera horri eutsi eta horrela ibili gara tiraka.

Zenbat igo zaizue argindarraren faktura?
Bikoiztu baino gehiago egin zaigu.

Igoera horrek zelan eragiten dizue maila pertsonalean?
Prezioaren gorakada horri nire poltsikoagaz aurre egiten diot. Makinak, tintak, produktuak, guztiaren atzean dago argindarra. Baina edozein mailatan dago hori. Erosketa orokorrak egitera zoazenean ere bai. Beraz, zenbat igo behar ditut prezioak? Nik arazo bat dut hor. Izan ere, ez dut argindarraren gorakadak baldintzaturiko negoziorik egin gura. Zenbat igo behar dut zerbitzu bakoitzaren prezioa galtzen ez irteteko baina neurriz kanpora ez aprobetxatzeko?

Bezeroek zer esaten dizuete?
Batzuek komentatzen didate ea noraino helduko garen garestitze horregaz. Noiz esango dugun “tira, honaino”.

Hartu behar izan duzue neurririk energia aurrezteko?
Bai. Eguzkiaren argia dugun bitartean amatatu egiten ditugu gelako argiak. Ispiluetakoak baino ez ditugu mantentzen. Trapuak sikatzeko makina erabiltzen genuen lehen. Orain esekitokia erabiltzen dugu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!