[EGITARAUA] Alpinismoa, eskalada eta hamaika abentura, Erdellak antolatutako Mendi Astearen barruan

Anboto 2022ko aza. 8a, 09:08

Hitzaldiak eta emanaldiak azaroaren 14tik 17ra izango dira Elorrion, Erdella Mendizale Taldeak antolatuta.

Aurtengo protagonistetako bat Martin Urrutia elorriarra izango da. Bestelakoan, Himalayako tontorrak, Islandiako paisaia ederrak eta Euskal Herriko txoko ikusgarriak gerturatuko dizkigu aurtengo Mendi Asteak.

AZAROAK 14, 19:00, ITURRI KULTUR ETXEA

'Aketegiko Mari, Alpinismoa eta mitologia uztartzen'. Koke Lasa alpinistarekin. Mitologiak eta alpinismoak bat egin dute Koke Lasa alpinista ormaiztegiarrak sortutako azken ikus-entzunezkoan. Bertan gazte batzuk Mari eta bere kobazuloa bilatzen saiatzen dira. Bilaketak Aizkorri, Txindoki, Anboto, Murumendi, Itxina eta beste hainbat tokitara eramango ditu gazteak.

AZAROAK 15, 19:00, ITURRI KULTUR ETXEA'

'Neguko Himalaya ganberaren atzean'. Phelipe Eizaguirrerekin. Argazkigintzan eta ikus-entzunezkoetan aditua den bilbotarrak Alex Txikon mendigoizalearen hainbat abentura hilezkortu ditu eta bere kamerako objetiboaren bidez eta eurei buruz ariko da Elorrion.

AZAROAK 16, 19:00, GAZTETXEA

'Westfjords Islandia ezezagunera bizikletaz'. Igone Mariezkurrenarekin. Islandiako Westfjords zonaldeko fiordoek ur-jauzi ederrak, itsaslabar ikusgarriak eta putzu geotermikoak barnebiltzen dituzte, besteak beste. Inguru haiek bizikletan bisitatu dituen Igone Mariezkurrenak bere bizipenak kontatuko ditu.

AZAROAK 17, 19:00, ITURRI KULTUR ETXEA

'Arrokatik nire bizitza'. Martin Urrutia eskalatzailearekin. Gaztea izanagatik lorpen baten baino gehiagoren jabe da eskalatzaile elorriarra eta eurei buruzko hitzaldia eskainiko du bere sorterrian.

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!