"Kalitatezko osasun publikoa defendatu behar dugu"

Maialen Zuazubiskar 2022ko urr. 17a, 10:15

Argi gorriak

2020ko urtarril bueltan Argi Gorriak elkartea sortu zuten Elorrion, sentsibilitate desberdinetako jendea elkartzeko gune berri bat sortzeko, "sistema honen miseriak" salatzeko eta ekintza berriak sortzeko. Orduz geroztik, Argi Gorriak taldekoek hainbat ekintzatan parte hartu dute herrian. 

Oraingoan, Osakidetzaren "egoera lotsagarria" salatzeko, herriko beste lagun batzuekin elkarretaratzea antolatu dute urriaren 21erako. "Gure osasun zentroan pairatzen gabiltzan egoera salatu gura dugu: profesionalak falta dira eta, batzuetan, larrialdiak baino ezin dira artatu. Egoera hau murrizketen eta plangintza faltaren ondorio zuzena da, eta herriaren erantzuna ezin da izan larrialdiak kolapsatzea edo aseguru mediku bat egitea. Kalitatezko osasun publikoa defendatu behar dugu", azaldu dute Argi Gorriakeko kideek. 

Hori horrela, datorren urriaren 21erako deitu duten mobilizazioan parte hartzeko deia egin diete elorriarrei Argi Gorriakeko kideek. Gainera, euren taldea herritar guztiei zabalduta dagoela eta argigorriak@gmail.com helbidera idatzita eurekin kontaktuan ipintzeko aukera dagoela azaldu dute. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!