“Pediatriako arazoa pandemiatik dator; zerbitzua ona zen, baina harrezkero, akabo”

Maialen Zuazubiskar 2022ko urr. 17a, 10:15

Saray De Dios eta Idoia Solana

Elorrion sinadurak batzen hasi dira pediatria zerbitzu duin bat eskatzeko. Dagoeneko 500 bat sinadura batu dituzte, eta elkarretaratzera deitu dute urriaren 21erako. 

Elorrion pediatria zerbitzuagaz arazo bat duzuela diozue.
Saray De Dios: Elorriori pediatra bat eta erdi izatea egokitzen zaio eta momentu honetan pediatra bakarra dugu, eta bera murriztuta. Beraz, pediatra baten lanaldi oso bat ere ez da betetzen. Gainera, honen oporrak eta bajak ez dituzte betetzen, ez dute ordezkorik bidaltzen. Orduan, inguruko herrietako pediatrengana edo Arrasatera edo Gurutzetara joan behar izaten dugu. 
Idoia Solana: Nik, esaterako, emaginarengana Berrizera joan behar nuen erditu nintzenean, eta hortik korrika Zelaietako pediatrarengana. Hurrengo egunean, beste herri bateko beste pediatra batengana. Eskualdeko pediatria zerbitzurik gehienetatik pasatu gara eta hori onartezina da. Argi geratu dadila hau ez dela Elorrioko pediatraren aurkako zerbait, beragaz oso gustura gaude eta. Hau gure herriari dagokion zerbitzua bete dadila eskatzeko da. 

Noiztik dator arazoa?
S.D.: Pediatria zerbitzuaren arazoa pandemiatik dator; ordura arte zerbitzu ona genuen, baina hortik aurrera, akabo. 

Urriaren 21ean elkarretaratzea egingo duzue.
I. S.: Elkarretaratzea egingo dugu, pediatria zerbitzu duin bat eskatzeko. Baita orokorrean osasun zerbitzu hobe bat eskatzeko ere. Argi Gorriak taldekoen babesa dugu, izugarri lagundu digute eta eurek ere bat egin dute deialdiagaz. Horrez gainera, udalaren babesa ere badugu. Bertaratzeko deia egiten diegu herritarrei, azken batean hau denon arazoa da eta. Beharbada orain ez dizu eragingo, baina hemendik denboratxo batera bai. 

Erlazionatuak

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!