Zelan hartu duzue txupinazoa botatzeko ardura? Urduri zaudete?
Inma Escribano: Pozarren gaude. Errekonozimendu bat da. Elorrioko eragile guztiok gura dugu egunen batean txupinazoa botatzea.
Juan Mari Lersundi: Elorriarrei 25 urte hauetan eman diguten laguntza eskertzeko aukera bat da txupinazoa. Hori oso pozgarria da.
Jose Mari Azkargorta: Esango nuke Elorrioko herriari 25 urte hauek eskertzea eta babesten jarraitzeko eskatzea dela garrantzitsuena. Eta gazteei parte hartzera animatu daitezela. Ateak zabalik ditugu gazteentzat, erreleboa hartu dezaten.
Kainaberaren ekitaldia tradizio bihurtu da jaietako egitarauan. Aurten ere Munduko Zaporeak ekitaldia antolatu duzue. Jendea gogotsu dago?
I.E.: Jaietako bigarren domekan egiten dugu Elorrioko Munduko Zaporeak, eta bai, jendea gogotsu dago.
J.M.L.: Elorrion bizi diren 10 herrialdetako pertsonek euren herrialdeetako jakiren bat ekartzen dute. Urte biko etenaldiaren ondoren, jendea gogotsu dago parte hartzeko. Herrian dauden kulturen topagune izaten da.
I.E.: Herrian bizi garenok elkartzeko eta elkar ezagutzeko modu bat da.
Urte biko etenaldiaren ondoren jaurtiko duzue txupinazoa. Zelan bizi izan du Kainaberak COVID sasoia?
I.E.: Konfinamenduan bakoitzak bere etxetik lan egin behar izan zuen, denen moduan. Gogorra izan zen gure artean ezin elkartzea, kuadrilla bat gara eta. Noizean behin bilera bereziak egiten ditugu bazkari edo afari baten bueltan. Hilean birritan batzen gara, eta ezin elkartzea gogorra izan zen. Hala ere, gure lanagaz jarraitu genuen eta proiektuek aurrera egin dute.
J.M.L.: Ez gara gelditu. Sasoi horretan proiektu guztiak aurrera joan dira. Gainera, elikagaien banaketa ere ez da gelditu. Oztopoak izan ditugun arren, aurrera egin dugu.
Kainaberak zein proiektu dauka martxan momentu honetan? Zertan zabiltzate?
I.E.: Urte asko daramagu proiektu bi bultzatzen. Alde batetik, jantoki solidarioak bultzatzen ditugu Kolonbian. Bestetik, Nikaraguan osasun zentro bat daukagu eta etxeak eraikitzen ditugu nekazarientzat.
J.M.L.: Nekazari hauen arazorik handiena da euren etxebizitzak ez daudela ondo. Etxe horietan hobekuntzak egiten laguntzen diegu. Etxe duinak izaten laguntzen diegu.
Elorrion beharrizana duten familiei elikagaiak banatzea da egiten duzuen beste lanetariko bat. Arlo horretan, zein lan egiten duzue?
J.M.L.: Elikagaien bankuak laguntza ematen digu eta guk produktu sortak banatzen ditugu, hileko lehenengo barikuan. Produktu sortak familia mota bakoitzaren beharrizanen arabera prestatzen ditugu. Lau bat urte daramatzagu lan hau egiten.
Elikagai banaketak zein bilakaera izan du lau urteotan?
J.M.L.: Hasi ginenean, batez beste 20 bat familiak jasotzen zuen laguntza urtean. COVID-19agaz, 31 familiak jaso zuten laguntza. Orain, berriro ere jaitsi da kopurua. 12-14 familia inguru dira. Gizarte Sailak beharrizana duten familien zerrenda ematen digu eta horiek dira laguntza jasotzen dutenak.
I.E.: Normalean, RGIa kobratzen ez dutenak dira. Batzuk prozesuan egoten dira. Kainaberak egiten duena da oinarrizko produktuen zerrenda hartu eta beharrizanen arabera osatu. Sortak familiaren ezaugarrien araberakoak izaten dira. Esate baterako, ume txikiak badaude pardelak sartzen ditugu. Elikagaiez gainera, higieneko produktuak ere sartzen ditugu.